Ekonomia
koronabirusa
Ostalariek kalte-ordainak eskatzeari ekingo diote orain
radio euskadi | eitb media
Murrizketa neurriengatik izandako galerengatik eskatuko diete dirua administrazioei, erkidegoari eta Estatuari, eta helburua lortzen ez badute, Justiziara joko dute Estatu osoan.
Estatu osoko ostalariak kalte-ordainen eskaerak prestatzen ari dira, covid-19aren pandemia kontrolatzeko hileotan hartu dituzten neurriengatik izandako galerak berdintzeko. Eskatzaileen artean daude auzoko taberna txikietatik hasi eta Michelin izarra duten jatetxeetara.
Lehenengo Espainiako Estatuari eta erkidegoei eskatuko diete kalte-ordaina, eta dirurik jasotzen ez badute, Justiziara joko dute.
Plataformaka ari dira antolatzen, eta horietako bat Arabako BK GLOBAL abokatu bulegoak koordinatzen du, Hego Euskal Herriko 800 ostalarirekin. Sergio Carpio bulegoko zuzendari juridikoak uste du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak indarra eman diela.
Estatu osoan milaka dira mobilizatu diren negozioak, eta mota guztietakoak: taberna eta jatetxe txikiak, eta baita Michelin izarrak dituztenak ere, tartean Elena Arzak.
Plataforma horrek batez beste 30.000 euro eskatuko ditu negozio bakoitzeko, eta martxoaren 14ra arteko epea dute ostalariek bat egiteko.