15:45

Ekonomia

Euskadi

Krisiari aurre egiteko defizit eta zor gehiago duten aurrekontuak onartu dituzte

N. B. | EITB MEDIA

Defizita eta zorpetzea handitu eta gastu erreala 770 milioi eurokoa izango da, covid-19aren ondoriozko krisi ekonomiko eta sanitarioari aurre egiteko.

1:15
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak ostegun honetan onartu ditu Euskadiko aurtengo aurrekontu orokorrak. 12.442 milioi euroko aurrekontua dute, eta defizit eta zorpetze handiagoak ezarri dituzte, Eusko Jaurlaritzaren arabera, covid-19ak ekonomian eta enpleguan duen eragina murrizteko.

Aurrekontuak aurrera atera dira, aurreikusita zegoen bezala, EAJk eta PSE-EEk batutako gehiengo osoaren babesarekin eta oposizioaren gaitzespenarekin.

Aurrekontuen tramitazio parlamentarioa hasi zeneko ildo beretik joan da bozketa, orduan Gobernuko bi alderdiek atzera bota baitzituzten oposizioak aurkeztutako osoko lau zuzenketak eta 1.300 zuzenketa partzial baino gehiago.

Argudio ezberdinekin bada ere, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Csek eta Voxek pandemiaren ondoriozko krisiaren aurka borrokatzeko proposamenak defendatu dituzte berriro, baina guztiek bat egin dute Gobernuko alderdiek hasieratik negoziatzeko borondaterik izan ez dutela esatean, onartutako testua Gobernuak diseinatutako berbera baita, oposizioaren ekarpen bat bera gabe.

EAEko aurrekontuen eztabaidak eta behin betiko bozketak amaiera eman dio abenduaren 15ean hasitako prozesuari, Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-proiektua onartu zuenean.

Hala, aurrekontua 2020koa baino % 5,7 handiagoa da. Gastu erreala 770 milioi euro handitu da (iaz baino % 7,1 gehiago), defizita % 2,2ra jaitsi delako eta zorpetzea ia hirukoiztu egin delako, 1.784 milioi euroko jaulkipenak aurreikusten baitira.

"Eusko Jaurlaritzak baliabide guztiak jarriko ditu herritarrak babesteko eta ekonomia bultzatzeko"

Gainera, Europako berreskuratze-planaren baliabide gehigarriak izatea espero dute, baina oraindik ez dakite zenbat diru iritsiko den Euskadira eta zein epetan.

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, 10 eurotik ia 8 Osasun, Hezkuntza, Enplegu eta Gizarte Politiketara bideratuko dira.

Gainera, birusaren "eragina arintzeko", sailen arteko Covid Programa bat ere badago EAEko kontuetan, 542 milioirekin. Horietatik, 178 osasun-materialerako eta osasun-langileak indartzeko dira; 95 hezkuntza-itunetarako, irakasle gehiago kontratatzeko eta ikastetxeetan norbera babesteko ekipamenduak erosteko, eta 32 enpresak, enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak finantzatzeko.

Osoko Bilkuran esandakoak

Itxaso Berrojalbizek (EAJ) onartu du egoera soziala, sanitarioa eta ekonomikoa "zaila dela", baina argi utzi du Eusko Jaurlaritzak baliabide guztiak jarriko dituela herritarrak babesteko eta ekonomia bultzatzeko.

"Abenduan aurrekontu eskasak, urtarrilean zaharkituak eta otsailean iraungiak daude".

"Hori ikusi nahi ez duenak ez du jokamolde zintzoa", esan du, eta Elkarrekin Podemos-IU negoziatzeko prest agertu dela goraipatu du, gainerako taldeen jarreraren aurka.

PSE-EEko Sonia Perezek azpimarratu duenez, Gobernuak autogobernuaren tresna guztiak erabiliko ditu egitura ekonomikoak eta kohesio soziala indartzeko.

Eztabaidan zehar, Josu Estarronak, EH Bildu oposizioko talde nagusiaren izenean, esan du gaur Eusko Jaurlaritzak irabaziko duela, "baina abenduan aurrekontu eskasak genituela, urtarrilean zaharkituak eta otsailean iraungiak".

Bere ustez, herritarren beharrak ez dira Gobernu honen aurrekontuen merkatuan sartzen, eta "ezohiko covid-tasa" eskatu du, ahalmen ekonomiko handiagoa duten pertsonei eta enpresei zerga-tasak igoko dizkiena, bai eta zerga-erreforma progresibo eta bidezkoagoa ere, "aurrekaririk gabeko" krisi baten aurrean, "orainaldia eta etorkizuna jokoan" daudelako.

Elkarrekin Podemos-IU alderdiko Miren Gorrotxategi bozeramaileak "simulakrotzat" jo du Eusko Jaurlaritzak abiatutako negoziazioa, eta salatu du aurrekontuek ez dutela sektore publikoa indartzen, batez ere osasunean eta hezkuntzan, ez eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eta zainketen arloa ere, orain inoiz baino gehiago arlo horietan inbertitzea eskatzen denean.

Jon Hernandez taldekideak ere kontuak kritikatu ditu, ez dutelako balio enpleguaren galerari aurre egiteko, ez eta sektore publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko ere, eta erreforma fiskala aldarrikatu du, gehien dutenek gehiago ordain dezaten.

Luis Gordillok (PP+Cs) Gobernuari egotzi dio ekonomia eta enplegua suspertzeko aukera galdu izana, eta EAJri, PSE-EEri eta Jaurlaritzari "harrokeria politikoa" eta arrabola aplikatzea egotzi die.

Ostalariei eta beste autonomoei zuzeneko laguntzak ematea, Osakidetzan inbertsio gehiago egitea eta itunpeko hezkuntza babestea defendatu du, eta Jaurlaritzari eskua luzatu dio "bizitzak eta lanpostuak salbatzeko eta ekonomia suspertzeko".

Amaia Martinez Voxeko parlamentariak "propaganda ideologikotzat" jo ditu aurrekontuak.

Osoko bilkuran, Mikel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELAko eta LABeko idazkari nagusiek mobilizazio bat egin dute Ganberaren aurrean, aurrekontuek "gizarteari bizkarra" ematen diotela eta covid-19aren krisiari aurre egiteko nahikoak ez direla salatzeko.

BIDEOA: ELAk eta LABek gizarteari "bizkarra ematen" dieten kontuak errefusatzen dituzte 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena