20:55

Ekonomia

Krisia

Tubacexen erregulazioak 150 langileri eragingo die, eta aldi baterakoak guztiei

agentziak | eitb media

Laudioko eta Amurrioko beharginek dagoeneko iragarri dute mobilizatu egingo direla neurrien aurka, uste baitute "aldi baterako soilik" izan beharko liratekeela, pandemiaren eragina arintzeko.

1:8
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Tubacex hodi ekoizleak iragarri du aurreko astean jakinarazitako Lan Erregulazio Txostenak 150 langileri eragingo diela, baina Aldi baterako Lan Erregulazio Txostenak Laudioko eta Amurrioko langile guztiengan izango duela eragina, geheienez lanorduen % 60ean, eta martxoaren 29tik irailaren 30era.

Konpainiako zuzendaritzak bilera izan du gaur langileen ordezkariekin bi txostenen xehetasunak emateko, eta horrekin batera, 30 eguneko negoziazio prozesua jarri da abian.

Enpresaren zuzendaritzaren arabera, Lan Erregulazio Txostenak 150 langileri eragingo die (Laudioko 115i eta Amurrioko 35i), eta "irteeren ondorioak arintzen laguntzeko" egitasmo bat jasotzen du proposamenak.

Enpresaren arabera, txostena enpresaren "egiturazko arazoak" konpontzeko dago pentsatuta, "krisi larria" baitago "bezero nagusien sektorean: petrolioan eta gasean", sektore horretako jarduerak 2015etik % 50 atzera egin ondoren. Horren harira, ez omen da susperraldirik espero, "trantsizio energetikoaren bizkortzea eta beste energia iturri batzuen aldeko apustu argia ikusita".

Bestalde, Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostenaren kasuan, 800dik gora langilek pairatuko dute (150 Amurrion eta 650 Laudion), eta "Tubacexen bezeroetan covid-19ak utzitako ondorioak arintzea" du helburu.

Tubacexek iazko uztailean iragarri zuen lehenengo aldiz merkatuaren beherakadak mundu mailan neurriak hartzera behartzen zuela, kostuak % 20 murrizteko, lehiakortasuna eta konpainiaren iraunkortasuna bermatzeko. Aipatu neurriak dagoeneko ezarri dituzte taldearen 20 lantegietan, Arabakoetan izan ezik.

Jesus Esmoris Tubacexen kontseilari ordezkariak gutuna bidali zien aurreko abenduan euskal erakundeei, Arabako lantegietan 2020an 18 milioi euro galdu behar zituela esateko.

Gaurko batzarraren ostean, langile batzordeak berretsi egin du zuzendaritzak aurkeztutako neurrien aurka dagoela "erabat", eta bere asmoa "kaleratzeak gelditzea" dela.

Izan ere, langileek uste dute Tubacexen krisia ez dela egiturazkoa, une honetakoa baizik. Horregatik, "aldi baterako neurriak soilik" eskatu ditu, pandemiaren egoerari aurre egiteko.

Azkenik, mobilizazio egutegia abian jarri dutela eta ostegunean eta ostiralean grebara joko dutela jakinarazi dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena