14:30

Ekonomia

Luizia zabortegian

Urtebete pasa da Zaldibarren lan eta ingurumen hondamendia gertatu zenetik

E. L. | EiTB Media

Urtebete geroago Joaquin Beltran beharginaren gorpuaren bila jarraitzen dute. Luiziak bi langile harrapatu zituen zorigaiztoko egun hartan.

2:11
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Zaldibarko (Bizkaia) lan eta ingurumen hondamendiaren lehen urteurrena beteko da larunbat honetan. Duela urtebete milaka tona hondakin behera etorri ziren. Urtebete geroago Joaquin Beltran beharginaren gorpuaren bila jarraitzen dute. Luiziak bi langile harrapatu zituen zorigaiztoko egun hartan.

Zaldibar Argitu plataformak mobilizazioak deitu ditu larunbaterako Zalla, Etxebarria, Elgeta, Markina-Xemein, Eibar, Zaldibar eta Ermuan. Era berean, Joaquin Beltranen familiarentzat oroimen eta mobilizazio eguna izango da. Zallan elkarretaratzea deitu dute desagertutako langilearen senitartekoek.

Zabortegia 2020ko otsailaren 6an behera etorri zen, eta gertakariak Euskal Herria astindu zuen. Ingurumen krisia eragiteaz gain, ekaitz politikoa sortu zuen, polemika handia EAEko hauteskundeen atarian, eta baita ondoren ere.

Hilabeteak bilatzen eman ondoren, iragan abuztuan Alberto Sololuze langilearen gorpuzkiak topatu zituzten hondakinen artean. Orduz geroztik, Joaquin Beltran aurkitzeko lanean jarraitu dute, baina oraingoz emaitzarik gabe.

Luiziarengatik erantzukizunak eskatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte urtebetean. Bestalde, ikerketa judiziala abian da, eta Verter Recycling enpresako hiru arduradun auzipetu dituzte. Europako Batzordea ere zabortegian gertatutakoa ikertzen ari da.

Iñigo Urkullu lehendakaria gogor kritikatu dute oposizioko indar politikoek, luiziaren kudeaketagatik. Hondamendia gertatu eta handik gutxira, covid-19 pandemiak lan-istripuari tokia kendu zion egunkarietako lerro-buruetan, baina gizarte eragileek eta indar politiko batzuek erantzukizunak eskatzen jarraitu dute.

Iragan uztaileko hauteskunde autonomikoen ostean, EAJ-PSE koalizioak Eusko Jaurlaritza osatu zuen berriro. Sailetan aldaketak izan ziren, eta Iñaki Arriola sozialistak Ingurumen Saila utzi zuen. Arantxa Tapia jeltzaleak hartu zuen haren lekua.

Makineria Zaldibarko zabortegian, lanean. Argazkia: EFE

Ikaraldiz ikaraldi

Duela urtebete, otsailaren 6an, 16:00ak aldera gertatu zen tragedia. Milaka tona industria-hondakin behera etorri ziren zabortegian. Arratsalde horretan bertan, suhiltzaileek eta ertzainek bi langileak erreskatatzeko lanak abiatu zituzten. Hala ere, bilaketa lanak laster eten behar izan zituzten, zabortegian amianto hondakinak agertu zirelako.

Material toxiko horren presentziaz gain, zabortegiaren goialdean suteak piztu ziren, gasen errekuntzaren ondorioz.

Ikaraldiz ikaraldi, otsailaren 14an airearen azterketek dioxinak antzeman zituzten zonaldean, zabortegiaren suteek eraginda. Sua astebete geroago itzali zuten, baina dioxina maila normalean baino 40 aldiz handiagoa zen. Leihoak ixtea eta kalean kirolik ez egitea gomendatu zien Eusko Jaurlaritzak Zaldibar, Ermua eta Eibarko bizilagunei. Gainera, Eibar-Reala norgehiagoka bertan behera geratu zen.

Uztailaren 21ean, Ertzaintzak Verter Recycling enpresako hiru zuzendari atxilotu zituen, besteak beste, Luis Barinaga zabortegiko jabea eta Arrate Bilbao konpainiako administratzaile bakarra. Atxilotuei arduragabekeriazko homizidioa egotzi zieten, baina behin-behineko askatasunean utzi zituzten Durangoko epaitegian galdekatu ondoren.

Abuztuaren 16an erreskate taldeek Alberto Sololuzeren gorpuzkiak topatu zituzten zabortegian, DNA probak ondoren baieztatu zutenez.

Durangoko epaitegiak Verter Recyclingen eta konpainiako hiru arduradunen aurkako auzia zabaldu zuen iragan astean, ingurumenaren aurkako delitua leporatuta.

BIDEOA Marta Alvarez Joaquin Beltranen koinata: ''Ez dugu zabortegia zigilatzea nahi Joaquin aurkitu gabe''

Luiziaren “kronologian” egun berezia izango da larunbata, hondamendiaren urteurrena betetzen baita. Bitartean, Joaquin Beltran bilatzen jarraitzen dute. Beltran aurkitu arte zabortegia ez zigilatzea eskatu du Zallako Udalak adierazpen instituzional batean.

Beltranen gorpua aurkitu ondoren, zabortegia ixtea eskatu du Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak, “dagoeneko nahikoa ingurumen eta giza arazo sortu dituelako”.

"Senideen kezka nagusia, Joaquin topatu gabe, uneren batean, zabortegia zigilatu behar dutela esatea da"

Zentzu horretan, Estefania Rojo Joaquin Beltranen familiaren abokatuak adierazi duenez, senideen kezka nagusia da, “nahiz eta bilatzen jarraitzen dutela jakin, topatu gabe, uneren batean, zabortegia zigilatu behar dutela esatea”. “Onartuko ez luketen gauza bakarra da”, erantsi du.

Instrukzio judizialaren “hasiera” baino ez dela azaldu du Rojok Radio Euskadin. Horregatik, epaiketa noiz hasiko den “jakitea ezinezkoa” da, adierazi duenez. Bestalde, gorpuzkiak aurkitu ez izanak ondorio judizialik ez duela argi esan du abokatuak.

“Berandu gabe” Joaquinen gorpuzkiren bat topatu dutela esatea espero du langilearen familiak, onartu duenez. “Gaur gaurkoz, duten nahi eta asmo bakarra da”, gaineratu du.

“Hilabeteak joan ahala itxaropen gutxiago dute, baina bilatzen ari diren zonaldean aukera handiak dira; berandu baino lehen gorpuzkiak agertuko direla uste sendoa du familiak”, ziurtatu du.

Azkenik, Joaquin Beltranen familiak uste du “zabortegia kudeatzeko orduan arau-haustea izan zela, eta luiziak kalteak eta heriotza eragin zuten”, abokatuak azpimarratu duenez. Horregatik, arduragabekeriazko homizidio delitua eskatu dute.

Eusko Jaurlaritzan "ez dute dimisio bakarra eman", salatu du Zaldibar Argituk

Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako kideak deitoratu duenez, nahiz eta zabortegiak “hondamendi ekologiko eta humanoa” eragin, Eusko Jaurlaritzan “ez dute dimisio bakarra eman”. Bizilagunak eta oposizioko indar politikoak hasieratik zabortegiaren aurka azaldu ziren, baina, hala ere, martxan jarri zuten, legeak eta arauak “ad hoc” eginez, gogorarazi du Zabartek.

Azaldu duenez, 2011ko maiatzean, EAJk Alkatetza galdu baino 15 egun lehenago, zabortegiak lizentzia lortu zuen.

Zabarteren hitzetan, nahiz eta zabortegiaren kudeaketan “hainbat astakeria” gertatu, bi langileen heriotza saihestea posible zen.

“Luizia gertatu baino lehen, arrakala kezkagarriez ohartarazi zuen Joaquin Beltranek berak, eta aldi berean, zabortegiaren egoera txarraren inguruko txosten bat jaso zuen enpresak. Lantokia hustu beharrean, jarduerarekin jarraitu zuten”, deitoratu du.

Bestalde, Sabino Zubierrementeria Eitzaga auzoko bizilagunak kritikatu duenez, auzoko 37 herritarren jarraipen medikoa egiteari uko egin dio Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta bertakoek eskatu.

“Bi edo hiru pertsonak arnasteko arazoak dituzte. Edozein gauzaren eraginez izan daiteke, baina ez dakigu”, deitoratu du bizilagunak. Zubierrementeriaren ahotan, nahiz eta zabortegian amianto hondakinak egon, Eusko Jaurlaritzak egindako neurketetan ez da “sekula” kutsadurarik azaltzen.

Luizia gertatu aurreko zortzi urteetan zehar zabortegian sute txikiak izan ziren, baina hondamendia gertatu ondoren piztu zirenek sortutako alarma ez zuten eragin, Zubierrementeriak erantsi duenez.

“Urteetan kiratsa zerion hondakindegiari, jasangaitza zen. Guretzako hainbat urteetako desgrazia izan da zabortegia”, nabarmendu du.

Tragediaren urteurren bezperan, “Joaquin Beltranen gorpua bilatu eta aurkitzeko”, Eusko Jaurlaritzako lantaldeekin “lankidetza” lehentasuna dela esan du Verter Recycling enpresak.

Zabortegiko luiziaren inguruko informazio guztia Justiziaren esku jarri dutela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Eusko Jaurlaritzak “irmo eta zorrotz erantzukizun guztiak” eskatuko dituela gaineratu du agintariak.

Urkulluk Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideari erantzun dio Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.

Zabortegiaren gaineko kontrolek “huts” egin zutela bistakoa dela azpimarratu du Mikel Oterok. Eusko Jaurlaritzak lanean jarritako baliabideak aintzat hartu ditu koalizioko ordezkariak, baina gertatutakoaren erantzukizun osoa Verter Recycling enpresari leporatzea aurpegiratu dio lehendakariari.
 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena