Ekonomia
KORONABIRUSA
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek helegitea aurkeztu dute ostegun honetan, eremu gorrian dauden ostalaritza lokalen itxieraren aurka.
Taberna bat itxita, Getxon. Artxiboko argazkia: EFE
Ostalariek helegitea aurkeztu dute gaur goizean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, eremu gorrian dauden herrietan ostalaritza ixtea agintzen duen lehendakariaren urtarrilaren 22ko 4/21 Dekretuaren aurka. Nabarmendu dutenez, sektoreak 240 milioi euro galdu ditu dagoeneko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, bestalde, astelehenera arteko epea eman dio Eusko Jaurlaritzari ostalaritzaren irekieraren aurka alegazioak aurkezteko.
Administrazioarekiko Auzien Salak erabaki bat eman du, eta bertan adierazi du "eskatutako neurriaren garrantzia kontuan hartuta" erabaki duela "salatutako Administrazioari entzutea". Gaineratu du, gehienez ere, hilaren 8an, astelehenean, 12:00etan, aurkeztu beharko dituela alegazioak.
Auzitegia hurrengo egunean bilduko da, asteartean, 09:30ean, eta egun horretan bertan emango du erabakiaren berri.
Sektoreko profesionalek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari eskatu diote kautelazko neurriak har ditzala, harik eta auziaren muinari heldu arte.
Helegitea erregistratu ondoren Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak azaldu duenez, ostalariak ez dira "kutsatzeen gorakadaren errudunak", eta hori frogatzeko nahikoa datu izan dituztenean jo dute justiziara.
Idatzian zenbait une "gako" bildu dituzte: batetik, abenduaren 12a, orduan zabaldu baitzituzten tabernak eta jatetxeak. Irekierak kutsatzeetan izan zuen eragina neurtu dute. Gerora, Gabonetako mugikortasun eta familia ospakizunen ondoren izan den hazkundea ere jaso dute.
Sanchezen esanetan, datuak eta intzidentziaren kurba begiratuta, ostalaritzaren irekierak "ez zuen positibo kopuruaren gorakada ekarri, bai, ordea, Gabonek".
"Berriro ere ostalaritza seinalatu eta itxi egin dute, inongo arrazoi argirik gabe. Lanean uztea da eskatzen duguna. Ez dugu abendutik indarrean dauden neurri murriztaileen kontra egin; nahi duguna da gune gorrian dagoen ostalaritzaren itxiera kautelaz bertan behera uztea", azpimarratu dute.
Gauzak horrela, "jarduerari eutsi ahal izatea" eskatu dute ostalariek, "udalerria eremu gorrian, horian edo berdean egonda ere". Taberna eta jatetxeei ezarritako murrizketak errespetatzea onartzen dute, hots, barruan % 50eko edukiera izatea eta barran bezerorik ez egotea, kanpoan edukieraren % 100 izatea, beti ere distantziak mantenduta eta maskarak jarrita, eta 20:00etan ixtea.
"Egoera honekin, galerek gorantz egiten jarraituko dute"
Ostalariak ohartarazi duenez, 240 milioi euro galdu dituzte dagoeneko (aurreko kalkulu batean 184 milioiko galerak aipatu zituzten), eta azaldu dute arazoa ez dela galdutakoa: "Arazoa da, egoera honekin jarraituz gero, galerek gorantz egiten jarraituko dutela".
Sanchezen aburuz, ostalaritzari bideratutako laguntzek "ezin dituzte galerak konpentsatu". "Jakin badakigu hori ezinezkoa izango dela, baina jendeari lan egiten uztea nahi dugu. Ostalariak ez du nahi laguntzak jasotzea etxean egon bitartean; lan egin nahi du, segurtasun neurri guztiekin, baina lan egin. Helegite honekin eskatzen duguna da sektoreari lan egiten uztea", erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa