Ekonomia
Lan-gatazka
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Lantaldearen zati bat kaleratu egingo du, eta gainerako beharginei aldi baterako lan-erregulazioa ezarriko die. Zuzendaritzaren arabera, galera ekonomiko handiak izan dituzte.
Tubacexeko langileen protesta bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Tubacexek iragarri du lan-erregulazio espedienteak aurkeztuko dituela Laudion eta Amurrion (TTI eta Aceralava) dituen lantegietan, galera ekonomiko handiak izan dituztela eta egiturazko arazoak dauzkatela argudiatuta, Europa Press agentziak enpresako iturriak aipatuta zabaldu duenez.
Lantaldearen zati bat kaleratu egingo dute, baina ez dute kopurua zehaztu.
Halaber, enpresan geratuko liratekeen gainerako beharginei aldi baterako lan-erregulazioa ezartzeko asmoa duela jakinarazi du, pandemiaren eraginez lan-zama jaitsi dela argudiatuta. Bi lantegietan 800 behargin daude guztira.
Zuzendaritzak joan den abenduan aurreratu zuen hainbat neurri hartuko zituela bi lantegi horien etorkizuna bermatze aldera. Euskal erakundeetarako igorritako gutun batean, 2020an 18 milioi euroko galera izan zutela eta egoera "sostengaezina" zela esaten zuten.
Konpainiaren arabera, petrolioaren eta gasaren sektoreak bizi duen krisi larria dago egoera honen jatorrian. 2015etik gaurdaino jarduera horretan aritzen diren enpresek egindako inbertsioak % 40tik gorako beheraka izan duela erantsi dute.
Testuinguru horretan, Tubacexen bezeroek hainbat proiektu geldiarazi dituzte eta horrek lan-zama jaistea eta aurreikuspen ekonomikoak okerrera egitea ekarri du.
Horrez gain, koronabirusaren pandemiak aurrez antzemandako arazo estrukturalak areagotzea eragin du.
Gauzak horrela, zuzendaritzak ohartarazi du Tubacexena "aurrekaririk gabeko krisi estrukturala" dela. Eta irtenbide moduan lan-erregulazioak aurkeztea erabaki du, behin betikoak nahiz aldi baterakoak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa