Ekonomia
Lana
Aldaketak Lanbiden, "diru-laguntzen kudeatzaile soil" gisa ikusteari uzteko
E. L. | EiTB Media
Lanbide Hobetzen trantsizio eta hobekuntza proiektua aurkeztu du Mendiak. Sistema eraginkor bat lortzeko, aldaketa prozesu bati helduko dio zerbitzuak.
Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak ostiral honetan adierazi duenez, Lanbidek eraldaketa hasi du, bere egitura aldatzeko eta enplegu zerbitzu eraginkor bat lortzeko. Mendiaren esanetan, herritarrek “gizarte diru-laguntzen kudeatzaile soil” bezala ikusteari uztea da helburua.
Horretarako, Lanbide Hobetzen trantsizio eta hobekuntza proiektua aurkeztu du Mendiak prentsaurrekoan, Bilbon. Antolamendu, arreta eta esku-hartze prozesuan aldaketak egingo ditu zerbitzuak, sistema eraginkor bat lortzeko. Prozesua 2022an bukatuko da, Enplegu Legea Eusko Legebiltzarrera heltzen denean.
Aldaketa martxan jartzeko “lau hilabeteko lan gogorra” beharrezko izan dela zehaztu du lehendakariordeak. Lanbideko bulegoen langileen artean informazioa bildu dutela erantsi du, zerbitzuaren “ahultasun eta sendotasunen” berri izateko, eta benetako egoeraren diagnostiko bat egiteko. Informazioa Legebiltzarreko talde parlamentarioekin partekatu dutela adierazi du Mendiak. Sailburuaren hitzetan, norabide horretan aurrera egiteko “interesa” agertu diote alderdiek Eusko Jaurlaritzari.
Lehendakariordearen esanetan, Lanbide “enplegu politika aktiboen benetako tresna” bihurtzea da erronka, enpresek eskatzen dituzten profil profesionalen trebakuntzan sakonduz, bereziki desgaitasunen bat duten pertsonei, gazteei eta 45 urtez gorako langabeei edo beharginei zuzenduta.
Prozesuak aldaketak ekarriko ditu egituran zein funtzionamenduan, zerbitzu publikoaren erabateko eraginkortasuna lortzeko, kalitatezko lanpostuak sortzeko eta enpresen beharrizan profesionalei erantzuteko, azaldu duenez. Zerbitzu eraginkorrago bat lortzeko “trantsizio” epe bat iragarri du agintariak, konfiantza handiagoa sortzeko.
“Denbora bat barru” Lanbidek Euskadiren kontratazio bolumena % 4 igotzea espero du Mendiak; izan ere, hobekuntza teknologiko guztiak langabeen mesederako izango dira, baita zerbitzuko “beharginek izango duten informazioa” ere.
“Herritarrek Lanbide enplegu zerbitzu bat bezala ikustea” lortzeke dagoela gogorarazi du Mendiak; izan ere, “diru-laguntzen kudeatzaile eta gestore soil gisa ikusten dute”.
Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordeak eta Gloria Mugica Lanbideko zuzendari nagusiak Mendia lagundu dute agerraldian. Aldaketak berehala gauzatzen hasiko direla adierazi du Mendiak, eta zehazki, koordinazio eta komunikazio arlo bat martxan jarriko dutela iragarri du. Lanbideren estatutuetan aurreikusita zegoen, baina orain arte ez dute garatu. Zuzentarauak, informazioa eta kudeaketaz arduratuko da, sare osoaren erabakiei koherentzia emateko.
Gainera, azpi-zuzendaritza berri bat sortuko dute, diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta gizarte-inklusioarekin zerikusia duen guztia artatzeko; Lanbideko bulego bakoitzaren lan karga aztertuko dute, “orekatzeko eta neurriak ezartzeko”; eta bulegoak “lurraldetik oso gertu izatea, hau da, zonalde bakoitzeko enpresekin eta clusterrekin harreman etengabean izatea”, baita zerbitzuko langileak trebatu eta espezializatzeko ere.