Ekonomia
751 plaza
A. S. | EITB Media
Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 8ra arte egongo da zabalik, eta azterketa 2021eko udaberrian egitea aurreikusten da.
Ertzaintzaren kontrola. Argazkia: Efe
Albisteak (4)
Ertzaintzako agente izateko 700 plaza eta udaltzain izateko 51 plaza bete behar dituzte, eta prozesu horretan izena emateko epea zabalik egongo da gaurtik otsailaren 8ra arte. Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen aurreikuspenen arabera, lehen probak 2021eko udaberrian egingo dituzte.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak astelehen honetan argitaratu ditu Ertzaintzako eta Udaltzaingoetako 751 lanpostu betetzeko deialdi bateratuaren oinarriak.
Gaurtik otsailaren 8ko 00:00ak arte eman ahalko da izena prozesu horretan parte hartzeko. Inprimaki ofiziala www.arkauteakademia.eus atarian dago eskuragarri, baita www.euskadi.eus-eko "Enplegu publikoaren ataria" orrian ere.
Ertzaintzaren XXX. Promozioko oinarrizko eskalako agenteetarako 700 plaza eta Euskadiko 18 udaletako udaltzaingoetarako beste 51 bete nahi dituzte, eta azken horiekin Gasteiz, Laudio (Araba), Bilbo, Basauri, Bermeo, Durango, Etxebarri, Getxo, Lekeitio, Portugalete (Bizkaia), Donostia, Azkoitia, Hondarribia, Irun, Pasaia, Tolosa, Zarautz eta Zumaia (Gipuzkoa) udalerrietako udaltzaingoetan dituzten premiak bete nahi dituzte.
Deialdi honen bidez, Euskadiko Poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatu nahi dira, eta belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea du helburu.
Halaber, emakumeak deialdi honetara aurkeztea sustatu nahi dute, plantila horietan dagoen emakumeen kopurua handitzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako, esaterako.
Azkenik, polizia talde horietan lanean ari diren langileen % 100 euskaldunak izatea nahi dute, euskara izan dadin eguneroko lanean nahiz herritarrei arreta emateko barne-harremanetarako ohiko hizkuntza.
751 plaza horietako bat betetzeko aukera izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte:
- 18 urte beteta eta 38 urte bete gabe izatea.
- Gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera eta emakumeek 1,60koa izatea.
- Batxilergoko titulua, kidekoa edo hortik goragoko beste edozein izatea.
- Kidegoaren arabera, bete nahi den plazaren baldintza guztiak betetzea: euskara-maila, eskatutako gidabaimenak indarrean eta abar.
Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen aurreikuspenen arabera, lehen probak 2021eko udaberrian egingo dira. Gauzak ondo, agenteen promozio berri hori datorren urteko udazkenean hasiko da prestatzen, eta 2022ko bigarren seihilekoan hasiko da praktiketan lanean Euskadiko polizia-kidegoetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa