08:53

Ekonomia

2021eko aurrekontuak

Jaurlaritzak gaur ekingo dio aurrekontuak negoziatzeari, EH Bildurekin bilduta

E.G. | EITB MEDIA

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak koalizio subiranistarekin zeukan hitzordua aurreratu du. EH Bilduk "auzolanean aritzea" eskatu dio.

  • EAJren eta EH Bilduren ordezkariak iazko aurrekontuen negoziazioan.

    EAJren eta EH Bilduren ordezkariak iazko aurrekontuen negoziazioan. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak asteon ekingo dio 2021eko EAEko aurrekontuak negoziatzeari, aldez aurretik ezarritako bilera sortako lehena aurreratuta. Izan ere, EH Bilduko ordezkaritza gaur hartuko du Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, sail horretako iturriek baieztatu dutenez.

Berez, bilerak astelehenean abiatu behar zituzten, baina agendan aldaketak izan dira, eta aurreneko batzarra ostiralean egitea ebatzi dute azkenean.

Azpiazuk aurrekontuen proiektua Legebiltzarrean aurkeztu ostean hitzartu zituen bilerok. Hala, hilaren 11n (astelehena) EH Bildu eta Voxekin biltzekoa zen sailburua. Azkenean, baina, koalizio abertzalearekin egin beharreko batzarra aurreratu dute, besteei eutsi badiete ere. Hori horrela, EH Bildurekin egin beharrekoa gaur, hilak 8, izango da, Voxekin egitekoa, astelehenean (hilak 11). Asteartean, urtarrilaren 12an, PP+Cs koalizioa hartuko du Azpiazuk, eta biharamunean (hilak 13), Elkarrekin Podemos-IU.

EH Bildu: "Jaurlaritzak hanka sartuko du gehiengo osoa erabiltzen badu"

Bilerari buruz galdetuta, Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak atzo esan zuenez Urkulluren gobernuak "hanka sartuko" duela gehiengo osoa aurrekontuak onartzeko erabiltzen badu. "Une honetan garrantzitsuena da denok gogoeta egitea eta adosguneak bilatzea", ohartarazi zuen.

AtzoHerri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean Iriartek azaldu zuenez, Azpiazuri euren jarrera argitzeko eskatuko diote: "Esan dezala auzolanean lan egin nahi ote duten, eta zer egingo duten hori posible egiteko".

Gogorarazi zuenez, aurreko urteetan bilerak izan dituzte aurrekontuen xehetasunak aldez aurretik aztertzeko, baina aurten ez da halakorik izan. "Bidegurutze honetan, Jaurlaritzak gehiengo osoa erabiltzen badu hanka sartuko du, zalantzarik gabe", deitoratu zuen.

Buru duen koalizioak "herritarrak babesteko eta defendatzeko modua emango duen proposamen politiko integral baten alde" egingo duela hitz eman zuen. Azaldu zuenez, "Jaurlaritzarena ohiko egoera bati aurre egiteko aurrekontua dela uste dugu, eta ez salbuespeneko egoera bati aurre egitekoa. Izan ere, krisi hirukoitz baten aurrean gaude: osasun krisia, krisi soziala eta krisi ekonomikoa. Horri erantzun bat eman behar zaio".

Era berean, beharrezkotzat jo zuen "berehala" erreforma fiskal bat egitea, "aberastasuna modu bidezko eta parekide batean jendartearen esku gera dadin, eta gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Ezin dena da betikoek besteen hutsak ordaintzea". Horren ildoan, gogorarazi zuen emakumeak izaten direla horrelakoetan "kaltetuenak".

Elkarrekin Podemos-IUk ez du oraingoz marra gorririk jarri

Datorren asteko bilera horri begira, negoziatzeko borondatearekin joango dela aurreratu zuen atzo Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Bilerara, hainbat proposamen eramango ditu. Esaterako, alokairurako laguntzak handitzea eta gas-hobiak ustiatzeko diru partidak aurrekontutik ezabatzea eskatuko du. Hala ere, bere taldeak, hasiera batean behintzat, ez du oraingoz "marra gorririk" ezarri.

Aurrekontuak ez babesteko eskatu die ELAk ezkerreko alderdiei

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren 2021erako aurrekontuek "ez dituzte egungo behar sozialak betetzen", eta, hori dela eta, aurrekontuak ez babesteko eskatu die Eusko Legebiltzarreko ezkerreko alderdiei. Haren ustez, zerga erreforma egitea ezinbestekoa da diru-sarrerak handitzeko. Gaineratu duenez, gehien duenak gehiago ordaindu behar du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena