Itxi

Ekonomia

2020KO LANGABEZIA DATUAK

15.078 langabe gehiago EAEn, eta 7.439 gehiago Nafarroan, 2020an

A. S. | EITB Media

Langabezia % 13,21 hazi da EAEn 2020an, eta Nafarroan, berriz, % 22,41.

1:36
Langabeziaren azaroko datuak

Aurreko urtean baino 15.078 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEn 2020an, baina abenduan 3.196 pertsona gutxiago daude lanik gabe aurreko hilabetearekin alderatuta, Enplegu Zerbitzu Publikoen Bulegoetan jasotako datuen arabera. Nafarroan, bestalde, 7.439 langabe gehiago daude, eta, beraz, langabezia % 22,41 hazi da 2020an.

Aldaketa horrekin, joan den ekitaldiaren amaieran, 129.240 langabe zeuden guztira EAEn, % 13,21 gora egin ostean, covid-aren pandemiaren eraginez.

Abenduan, langabezia % 2,41 jaitsi zen EAEn, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta Estatu osoan langabezia datuak hobetu zituen bi erkidegoetako bat izan zen.

Langabeziak laugarren hilabetez jarraian behera egin du, eta azken 15 urteetako bigarren jaitsiera handiena izan da.

Elena Perez, Enplegu sailburuordearen ustez, datu horiek, oro har, positiboak dira, ekonomiak "aurreikuspen guztiek adierazten zutena baino erresistentzia-gaitasun handiagoa erakutsi duelako", martxoan lehen alarma-egoera ezarri zenetik, eta "sektore askok, ostalaritzak bereziki, hainbat muga edo eragozpen izan dituztelako beren jardueran".

Hala ere, sailburuordeak datu horiek "ondo irakurtzeko" beharra azpimarratu du, "bizi dugun ziurgabetasun testuinguruagatik".

Lurraldeka, Bizkaian jaitsi zen gehien langabezia, 2.172 langabe gutxiago, azaroko datuekin alderatuta, hau da, % 2,89 gutxiago. 2019ko abenduarekin alderatuta, 7.963 langabe gehiago daude (+% 12,23), eta 2020ko itxieran 73.080 langabe zeuden guztira.

Araban, guztira, 21.727 langabe daude, aurreko hilean baino 243 gutxiago (-% 1,11), eta 2019ko abenduarekin alderatuta, 3.005 gehiago (+16,05).

Gipuzkoan, abenduan 781 langabe gutxiago izan dira (-% 2,22) azaroarekin alderatuta, eta 2020an 4.110 gehiago (+% 13,55). Urte amaieran, guztira, 34.433 langabe zeuden.

Sektoreka, ostalaritza da krisi hori gehien pairatzen ari den sektorea (-% 80,9, 2019an baino 10.683 kontratu gutxiago), eta, atzetik, arte eta jolas-jardueretako kontratazioak daude (-2.405 kontratazio eta -% 61,8), Lan eta Enplegu Sailak jakitera eman duenez.

Langabezia % 22,41 hazi da Nafarroan 2020an

Iazko abenduan, 1.110 langabe gehiago zenbatu zituzten Nafarroan, azaroko datuekin alderatuta ( % 2,81); 2020an, berriz, 7.439 gehiago ( % 22,41).

Hala jasotzen dute Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak astearte honetan emandako datuek; izan ere, Espainiako Estatuan, covid-19aren pandemiak sei urtez jarraian hautsi du enpleguaren hazkundea, eta Gizarte Segurantzan batez beste 360.105 afiliatu galdu dira. Horrek 19.048.433 pertsonatan utzi du 2020an landunen saldo osoa, urtebete lehenago baino % 1,86 gutxiago, eta 2013tik urtean izandako lehen beherakada.

ELAk dio langabezian izena eman duten bost pertsonatik bat 25 urtetik beherakoa dela

ELA sindikatuak salatu duenez, azken urtean langabezian izena eman duten bost pertsonatik bat 25 urtetik beherakoa da, eta, ziurtatu duenez, covid-19aren ondorioek "larriagotu" egin dute pandemiaren aurretik zegoen krisi ekonomiko eta soziala".

Sindikatuak azaldu duenez, langabeziak neurri handiagoan eragiten die emakumeei; izan ere, langabeen % 55,1 emakumeak dira, eta biztanleria landunaren erdia baino gutxiago dira ( % 47,8).

Bestalde, 2020an langabeziak izan duen igoeraren zatirik handiena zerbitzuen sektoretik datorrela azpimarratu du, izan ere, 2020an Enplegu Zerbitzu Publikoan izena eman duten 10 pertsonatik 7 sektore horretatik datoz.

Kontratuei dagokienez, 2020an % 28,3 kontratu gutxiago sinatu dira, baina behin-behinekotasunak bere horretan jarraitzen duela ohartarazi du, sinatutako kontratuen % 92,2 aldi baterakoak izan baitira.

Datu horien aurrean, "pandemiaren aurretik zegoen krisi ekonomiko eta soziala larriagotu" dutela azpimarratu du ELAk. Zentzu horretan, enplegua "lan baldintzen eta aberastasunaren banaketa justuaren alde borrokan" jarraituko dutela esan du.

"Dirudiena baino ilunago" amaitu da urtea, LABen arabera

LAB sindikatuak salatu duenez, 2020ko ekitaldiaren amaierako saldoa dirudiena baino "ilunagoa" da, eta enpresaburuek gazteak eta beste kolektibo ahul batzuk "lan prekarioetarako eta gaizki ordaindutako erreserba gisa erabiltzen dituztela" kritikatu du.

LAB sindikatuak ohar batean azaldu duenez, birusaren hedapenak eragindako krisiak 24.212 lanpostu suntsitu ditu, "Gizarte Segurantzako afiliazioak urte batetik bestera izan duen beherakadaren ondorioz". Sindikatuak gaineratu duenez, kopuru horri beste 53.084 lanpostu gehitu behar zaizkio, abenduan lan-erregulazioko espediente baten ondorioz bertan behera geratu direnak.

Horrenbestez, LABek esan du azken saldoa "ofizialki erregistratutako langabeziaren bilakaera soilik kontuan hartuta eman lezakeena baino askoz ilunagoa" dela, izan ere, aurreko urtearekin alderatuta, 22.517 pertsona gehiago zenbatu dituzte.

Gainera, sindikatuak uste du enpresaburuen lan-kudeaketaren eredua salatzen jarraitu behar dela, gazteak eta beste kolektibo ahul batzuk "lan prekarioetarako eta gaizki ordaindutako erreserba gisa erabiltzen dituztelako". "Lanpostu horiek sakrifikatzen lehenak dira gaizki datozenean", gaineratu du.

Izan ere, abenduan langabeziak % 15,3 egin du gora urtetik urtera, baina gazteen artean (25 urtetik beherakoak), langabeziak % 42,5 egin du gora.

UGTk enpleguaren galera dagoen "behin-behinekotasun eta prekarietate handiagatik" izan dela ohartarazi du

Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko Politika Sindikal eta Instituzionaleko idazkariak ohartarazi duenez, azken urteko enpleguaren galera "behin-behinekotasun eta prekarietate handiagatik" izan da, eta "Euskadin susperraldi ekonomikorako funtsezko oinarria enpleguaren kalitatea hobetzea da, aldi baterako kontratazioen % 92an jarraitzen baitu", adierazi du.

Halaber, aldi baterako lan-erregulazioak mantentzea ere babestu du ohar batean, "enpleguari eusteko benetako dikea, 100.000 euskal langile baino gehiago babestu baitira bertan", esan du sindikalistak, eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata igotzea babestu du, "kalitatezko enplegurako funtsezko oinarria" dela iritzita.