Ekonomia
Santurtzi
E. L. | EiTB Media
Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroak azpimarratu duenez, Bilboko Portua egoera berriari aurre egiteko “prest” dago.
Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroa Bilboko Portuan. Argazkia: EFE
Brexit osteko aurreneko ferrya Erresuma Batutik Santurtzira (Bizkaia)iritsi da goizean. Arancha Gonzalez Laya Atzerri, Europar Batasun eta Lankidetza ministroak azpimarratu duenez, Bilboko Portua egoera berriari aurre egiteko “prest” dago. Abenduaren 31n, gauerdian, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko banaketa prozesua bukatu zen.
Brexita gauzatu ondoren, Erresuma Batuarekin “ahalik eta errazen” salerosten jarraitzeko enpresaburuak eta esportatzaileak lagunduko dituztela esan du Layak.
Gonzalez Layak Bilboko Portua bisitatu du larunbat honetan. Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak, Vicente Reyes Bizkaiko azpiordezkariak eta Ricardo Barkala Portuko Agintaritzaren presidenteak ministroa lagundu dute.
Ministroaren hitzetan, “urteko lehen une hauetan, arau berriekin, Erresuma Batuarekin merkataritzak” jarraitzea bermatu behar dute. “Gure merkataritza bazkide nagusia da, Europar Batasunaren atzetik. Ondorioz, harreman komertzialean asko dugu jokoan”, adierazi du.
Zentzu horretan, “enpresaburu eta esportatzaile guztiek Erresuma Batuarekin salerosketan ahalik eta errazen jarraitzeko” lagundu behar du Espainiako Gobernuak, berretsi duenez.
Bilboko Portuaren instalazioak bisitatu ditu ministroak, Brexitak eragindako testuinguru berriari aurre egiteko prest dauden ikusteko. Erresuma Batuarekiko harremanean Espainiako Estatuko portu nagusia da Bilbokoa.
Merkataritza harremanaren % 27 Bilboko Portutik igarotzen da. Horrela, merkantzien heren bat Bilboko Portutik atera edo heltzen da Erresuma Batutik Espainiara.
Bestalde, ministroak gogorarazi duenez, Erresuma Batua “turista igorle merkatu nagusietako bat da”. Bilboko Portuan “130.000 bat bidaiari ontziratzen edo porturatzen dira urtero”, erantsi duenez.
Bilboko Portua Brexitari aurre egiteko “prest” dagoelako zoriondu da Gonzalez Laya. “Toki onean” dago, Erresuma Batuarekin merkataritza harremana bultzatzeko, “merkantzia zein bidaiarietan”, gaineratu du.
“Beharrezkoak ziren inbertsio guztiak egin dira, azpiegituretan, digitalizazioan eta langileetan. 56 behargin kontratatu dira Brexitari aurre egiteko, horietako 26 Bilboko Portuan”, zehaztu duenez.
Egoera berriari aurre egiteko “abagune handia” du Bizkaiko azpiegiturak, adierazi duenez. “Erresuma Batuarekin merkataritza harremana bultzatzen jarraitzeko leku onean dago”, errepikatu du.
Era berean, trafiko bolumenak behera egingo ez duela uste du ministroak, baina prozedura berriek “kostu handiagoak” ekarriko dituztela gaineratu du. Hala eta guztiz ere, kostu horiek “oso handiak ez eta prozedura automatikoak izateko” lan egin dutela zehaztu du.
“Merkataritza egiteko moduan aldaketa ekarriko du Erresuma Batuaren irteerak, baina salerosketa ez da aldatuko, britainiarrek Espainiako produktuak atsegin dituztelako. Fruta eta barazki hornitzaile nagusiak gara, baita bertako turisten jomuga nagusia ere”, adierazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa