20:02

Ekonomia

Koronabirusa

Euskadik 426 milioi euro jasoko ditu Europako funtsetatik, ekonomia suspertzeko

Agentziak | EITB Media

Testuinguru horretan, ekonomia suspertzeko garrantzitsuak izan daitezkeen jarduera-eremuak proposatzeko aukera eman die Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoei.

  • Langile bat Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

    Langile bat Bilbon.. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) Europako REACT-EU funtsetatik ateratako 426 milioi euro jasoko ditu, covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz ekonomia suspertzeko eta zerbitzu publikoak babesteko. Zehazki, Espainiar Estatuari dagokion diru guztiaren % 4,3 da hori.

Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak, funts horren 10.000 milioi euroen banaketaren berri eman die astelehen honetan autonomia erkidegoei. Hain zuzen ere, Ekonomia eta Eskualde Politikako Ezohiko Foroa telematikoki egin den bitartean egin da funts horien banaketaren iragarpena. Bertan, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak eta autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hiri autonomoetako Europako Funtsen zuzendariek hartu dute parte.

Funts horiek arautzeko Europako erakundeen arteko negoziazioak amaitu direnean egin da esleipena. Horrela, REACT-EU programatik datozen laguntzak, funtsean, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloko proiektuak finantzatzeko erabili behar dira, pandemiaren ondorioz horietan izandako eragina arintzeko, bai eta etorkizunera begira estrategikoki eraldatzeko ere. Horrek esan nahi du bestelako ekarpen gehigarriekin indartu behar direla oinarrizko politika publikoak gaur egun bizi dugun krisi-testuinguru honetan.

Alabaina, Espainiako Gobernuak aukera ematen die autonomia-erkidegoei ekonomia suspertzeko garrantzitsuak izan daitezkeen beste jarduera-eremu batzuk proposatzeko.

Banaketa irizpideak

Banaketa-proposamenak Europar Batasunak estatu kideekin erabilitako banaketa-ereduari eta irizpideei jarraitzen die. Hala, hiru adierazle hartu dira kontuan: lehenengoa pandemiak autonomia-erkidego bakoitzaren aberastasunean duen eragina neurtzea da. Adierazle horrek banaketa osoaren 2/3 zatien pareko garrantzia du.

Bigarren adierazleak krisiak autonomia erkidego bakoitzeko langabezia-tasan duen eragina neurtzen du, eta guztizko banaketan esleipenaren 2/9 adinako pisua du. Hirugarren adierazleak krisiak gazteen langabezian (15-24 urte) duen eragina neurtzen du, eta guztizko esleipenaren 1/9ko pisua du. Horrez gain, eskualde ultraperiferikoetarako laguntza bat ere aurreikusten da, Kanarietakoa kasu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena