13:51

Ekonomia

Mobilizazioak

Osakidetzaren "egiturazko arazoak" salatzeko manifestazioak egin dituzte EAEn

L.Z. | EiTB MEDIA

Sindikatuen arabera, bost hilabete igaro dira Mahai Sektoriala azkenengoz bildu zenetik, eta azken hitzorduetan argi ikusi zuten Osakidetzak ez duela konponbiderik emateko asmorik.

2:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzako SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek manifestazioak egin dituzte asteazken honetan Gasteizen, Bilbon eta Donostian, azkenaldian egiten dabiltzan mobilizazioen baitan. Protesta horiekin Eusko Jaurlaritzari eskatu diote langileen aldarrikapenei entzungor ez egiteko eta euskal osasun sistemak dituen "egiturazko arazo larriak" aztertzeko.

Gainera, gogora ekarri dute abenduaren 14an Gotzone Sagardui Osasun sailburuari "premiazko bilera" eskatu ziotela, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Halaber, adierazi dute covid-19aren pandemiak agerian utzi dituela Osakidetza barruan dauden egiturazko arazoak, eta Osasun Sailak ez diela horiei irtenbiderik eman nahi izan.

Sindikatuen arabera, bost hilabete igaro dira Mahai Sektoriala azkenengoz bildu zenetik, eta azaroaren 26ko eta abenduaren 10eko hitzorduetan argi ikusi zuten Osakidetzako zuzendaritzak ez duela konponbiderik emateko asmorik.

"Lehenengo olatua hasi zenetik zortzi hilabete igaro dira. Osakidetzak garbi utzi digu langileak esplotatzea dela pandemiari aurre egiteko duen plan bakarra", kritikatu dute.

"Osakidetzari eta Osasun Sailari eskatu nahi diegu hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Berehalako neurriak hartzen ez badituzte, mobilizazioak indartuko ditugu", berretsi dute.

Oraingoz, abenduko asteazken guztietarako eta urtarrileko ostegun guztietarako iragarri dituzte protestak. Gainera, urtarrilaren 28rako greba eguna deitu dute.

Gaurkoari dagokionez, 08:00etan hasita, manifestazioa egin dute Bilbon, Basurtuko ospitaletik Bizkaiko Osasun Lurralde Ordezkaritzaraino.

Donostiako manifestazioa, berriz, 11:00etan hasi da Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, eta Boulevardean bukatu da. Ordubete geroago, osasun zentrotik Jaurlaritzaren egoitzarainoko bidea egin dute manifestariek Gasteizen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena