Itxi

Ekonomia

GUTXIENEKO SOLDATA

Espainiako Gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldata igoko du 2021ean

EITB Media

Sindikatuek aurreratu dutenez, ez dute igoera "txikirik" onartuko. Patronalak bere aldetik izoztearen alde egin du.

  • Banatzaile bat lanean, pandemia garaian

    Artxiboko argazkia: EFE

Datorren urteari begira, Espainiako Gobernuak ez du lanbide arteko gutxieneko soldata izoztuko. Are gehiago, Gobernuak "modu sutsuan" baloratzen du gutxieneko soldata igotzeko azken urteetan izandako politika.

Hala iragarri zuen atzo, asteartea, Joaquin Perez Rey Enplegu eta Gizarte Ekonomiako Estatu idazkariak, gizarte eragileekin izandako bileraren ostean eskainitako prentsaurrekoan. Agerraldian nabarmendu zuenez, Espainiako Gobernuak igoeraren zenbatekoa negoziatzeko baliatu nahi du lanbide arteko gutxieneko soldatari buruz eragile sozialekin osatutako mahaian.

Estatuko idazkariak azpimarratu duenez, "soldata izoztea aukera baztergarria da" eta hala jakinarazi zuen mahaian.

Halaber, lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu zuen, Espainia Europarekin bat etor dadin. Gaineratu zuenez, Eskubide Sozialen Europako Karta bete nahi du Gobernuak legegintzaldiaren amaieran, eta gutxieneko soldata batez besteko soldataren % 60 izatea lortu nahi du.

Estatu idazkaria eragile sozialekin bilduko da berriro datorren astelehenean, alde guztien jarrerak ezagutzeko.

Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata izoztuko ez duela esan izana baloratu dute sindikatuek, baina datorren asteleheneko proposamenean islatuta ikusi nahi dutela adierazi dute. CCOOren arabera, azaroan hitzartutako batez besteko soldaten igoera % 1,89koa izan zen: "Igoera ez litzateke hortik beherakoa izan behar". UGTk, berriz, 1.000 euro arte igotzea defendatu du, hau da, % 5eko igoera.

Patronalak, bere aldetik, lanbide arteko gutxieneko soldata izoztearen alde egin du.