16:24

Ekonomia

Lan gatazka

Osakidetzan greba eguna deitu dute sindikatuek urtarrilaren 28rako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EAEko hiru lurralde historikoetan egingo dute greba egun horretan. Sindikatuen arabera, mobilizazioa da Osakidetzak eman dien "irtenbide" bakarra.

  • Txagorritxuko ospitaleko langileen protesta

    Txagorritxuko ospitaleko langileen protesta. EFEren artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ostegun honetan iragarri dute mobilizazioei helduko dietela berriro Osakidetzan, Osasun Sailak ez diolako langileek bizi duten egoera "larriari" irtenbiderik eman nahi izan. Hori horrela, greba eguna deitu dute datorren urtarrilaren 28rako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ohar batean jakinarazi dutenez, aurretik hainbat protesta ekintza egingo dituzte, abenduaren 16tik aurrera; asteazkenero abenduan eta ostegunero urtarrilean.

SME, SAE eta UTESE sindikatuekin batera, urrian eta azaroan ere mobilizazioak egin zituzten hiru lurralde historikoetan: urriaren 29an, Araban; azaroaren 5ean, Gipuzkoan, eta 12an, Bizkaian.

Sindikatuen arabera, mobilizazioa da Osakidetzak eman dien "irtenbide" bakarra, gaurko mahai sektorialean zuzendaritzak ez baitie sindikatuen "aldarrikapenei" jaramonik egin. "Argi utzi dute langileak esplotatzen eta haien eskubideak murrizten jarraituko dutela", salatu dute.

Ildo horretan, azaroaren 26an mahai sektorialaren bileratik alde egin zuten sindikatuetako ordezkariek kritikatu dute Osasun Sailak ez duela "konponbiderik bilatzeko inolako asmorik, nahiz eta osasun publikoan arazo estruktural larriak eta gabeziak egon". Are gehiago, pandemiak arazo horiek larriagotu ditu, oharrean zehaztu dutenez.

"Aurreko deialdian bezala, gaurkoan ere Osakidetzak bideratu du bilera, interesatzen zitzaizkion gaiak mahai gainean jarrita eta guk eramandako aldarrikapenei iskin eginda", esan dute.

Bestalde, sindikatuen esanetan, covid-19aren lehen olatutik zortzi hilabete igaro direnean, "beharginak esplotatzea da pandemiari aurre egiteko proposatu duten aukera bakarra. Aurreztea da haien lehentasuna, dela giza baliabideetan, dela baliabide materialetan", erantsi dute.

LEPari buruz negoziatzen jarraitzea proposatu die Osakidetzak sindikatuei

Mahai sektorialaren bilera bukatutakoan, Osakidetzak jakinarazi du lan eskaintza publikoaren lehen azterketak Familiako Medikuntzakoa eta Pediatriakoa izango direla.

Gainera, plazen banaketari, auzitegien osaketari eta azterketei buruz negoziatzen jarraitzeko aukera eman die sindikatuei.

"Lehen arretako administrazio gaietako langileei soldata % 4 igotzea adostu dugu bileran", adierazi dute.

Halaber, gogora ekarri dute lehen arreta indartzeko asmoa dutela, 196 lanpostu berri sortuta. "Koordinazioa hobetu eta kontsultetako lan burokratikoak arintzeko plan bat ezarri nahi dugu. Horrez gain, 21 milioi euroko inbertsioa egingo dugu 2021ean zerbitzu horretan", azpimarratu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena