Ekonomia
Iruzurra Osakidetzan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016ko azterketetan izandako ustezko iruzurra ikertzen ari den epaileak beste pertsona bat auzipetu du, LAB sindikatuak hala eskatuta.
Osakidetzako deialdi publiko bat. ETBko bideo batetik hartutako irudia
2016-2017 urteetan Osakidetzak egindako lan-eskaintza publikoan ustez hainbat azterketa filtratu zirela eta abiatutako prozesu judizialean, epaileak beste lagun bat inputatu du, LAB sindikatuak hala eskatuta, eta, ondorioz, zazpi dira ikerketapean dauden pertsonak.
Joan den astelehenean eta asteazken honetan hainbat lekukok deklaratu dute epailearen aurrean. Inputatuen artean, Neurokirurgiako, Neurofisiologiako, Digestioko, Anestesiologiako eta Angiologiako epaimahaietako arduradunak daude.
LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, astelehenean lekuko gisa deklaratu zuen epaimahaiko bokal bat inputatzea eskatu du eta epaileak eskaera onartu du. Datozen egunetan bidaliko diote jakinarazpena inputatuta dagoela esanez.
Halaber, LABek iragarri du eskatutako dokumentazio guztia epaitegiaren esku dagoenean litekeena dela "pertsona gehiago inputatzea".
Prozesu judizialari dagokionez, sindikatuak azpimarratu du orain arte bildutako datuek "indartu" egiten dutela azterketak filtratu zirenaren teoria eta proba publikoa Osakidetzako "nukleo operatiboak" diseinatu, kudeatu eta burutu zuela "plazak pertsona jakin batzuei emateko asmoz". "Azterketa teorikoa prestaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen esku utzi zuten, probari inpartzialtasun itxura emateko", erantsi dute.
LAB eta ESK sindikatuek jarritako salaketen ondorioz iritsi ziren Osakidetzako proba publikoaren ustezko irregulartasunak epaitegira. EAEko Fiskaltza Nagusiak ere ikerketa bat jarri zuen abian.
Kasu honek eragindako zalapartaren ondorioz, hainbat dimisio izan ziren: Jon Darpon Osasun sailburuak, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiak, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariak eta Xabier Balerdi zuzendariordeak kargua utzi behar izan zuten.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa