Ekonomia
Azaroko datuak
6.035 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskadin azaroan, eta 619 gehiago Nafarroan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guztira, 132.436 pertsona daude langabezian Euskadin; Nafarroan, berriz, 39.527.
-
6.035 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskadin azaroan, eta 619 gehiago Nafarroan
Enplegu zerbitzuen bulegoetan izena eman duten pertsonen kopuruak behera egin du Euskadin, azaroan. Hain zuzen ere, aurreko hilabetearekin alderatuta, 6.035 pertsona gutxiago daude langabezian. Horrek esan nahi du % 4,36 jaitsi dela langabezia-tasa, Estatuan izan den beherakadarik handiena.
Hala, 132.436 lagun daude guztira lanik gabe, asteazken honetan Espainiako Gobernuaren Lan Ministerioak emandako datuen arabera.
2019ko azaroko datuen aldean, baina, langabeziak nabarmen egin du gora, % 16,40, hain zuzen, 18.659 langabe gehiago zenbatu baitituzte.
Ildo horretan, Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordeak esan du azaroko datuak "positiboak" direla, batez ere pandemia hasieran egindako aurreikuspenak aintzat hartuta. Halere, Eusko Jaurlaritzak argi dauka "zuhurtziaz" jokatu behar dugula pandemiak eragindako ziurgabetasunaren aurrean.
Lanbideren bulegoetan izandako eskaera kontuan hartuta, gizonen artean nabarmenagoa izan da langabezia-tasaren jaitsiera (% 5,29), emakumeen artean baino (% 3,59). Dena den, urteko balantzea eginez gero, langabeziak gizonen artean izan du gorakada handiena, % 20,21 hazi baita horietan artean, eta % 13,47, berriz, emakumeen artean.
Adin-tarteka banatuta, 24 urtez azpikoengan izan du langabeziak beherakada nabarmenena (% 8,74). Urteko datuek, aldiz, kontrakoa erakusten dute, alegia, 16 eta 24 urte bitartekoen artean izan dela tasarik handiena (% 42,56), eta 54 urtetik gorakoen artean bigarren handiena (% 8,66).
Langabe kopuruak hiru lurraldeetan egin du behera, bereziki Araban, % 8,87 jaitsi baita (2.139 langabe gutxiago; 21.970 guztira). Gipuzkoan, % 4,21 jaitsi da (urrian baino 1.547 langabe gutxiago zenbatu dituzte; guztira 35.214). Bizkaian, % 3,03 langabe gutxiago zenbatu dituzte (2.349 langabe gutxiago; guztira 75.252).
Sektoreka banatuta, eraikuntzak izan ditu daturik onenak, % 5,68 jaitsi baita bertan langabeen kopurua; lehen sektorean, % 5,48 egin du behera; industrian, % 5,43, eta zerbitzuetan, % 3,70.
619 langabe gehiago Nafarroan
Nafarroan 619 pertsona gehiago zeuden lanik gabe azaroan; aurreko hilabetean baino % 1,59 gehiago. Orotara, 39.527 langabe zenbatu dituzte erkidego horretan.
Iazko hilabete bereko datuen ondoan, 7.111 langabe gehiago daude (% 21,94), Lan Ministerioaren arabera.
Espainiako Estatuan, langabeziak % 0,66 egin du gora, Euskadin, Gaztela-Mantxan eta Madrilen behera egin arren.