Ekonomia
Tabernak eta jatetxeak itxita
eitb.eus
"Kasu, ostalariak kexu" lelopean bildu dira Ipar Euskal Herriko hamar bat ostalari, goizean, Baionako suprefeturaren aurrean, eta protesta egiteko garagardoa bota dute.
Albisteak (4)
Ostalaritza sektorea kalera atera da gaur goizean Donostian eta Bilbon, "sektore ekonomiko eta sozial gisa" duen garrantzia "ikustarazteko eta entzunarazteko" eta 2021eko EAEko aurrekontuetan eurei zuzendutako erreskate plana sartzea eskatzeko. Dagoeneko 7.230 ostalarik eskatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko diru-laguntzak.
Mikel Ubarrechena Gipuzkoako Ostalaritzaren presidenteak iragarri zuen mobilizazioa asteartean, Gipuzkoako Banaketa Elkarteko (GIBAK), Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Elkarteko, eta Jakitea Elkarteko kideek lagunduta.
Manifestazioa iragartzeaz gain, euren aldarrikapen nagusiak zeintzuk diren ezagutarazi zituzten (Bizkaiko ostalariek ere bat egin dute idatziarekin). Besteak beste, honakoak eskatu zituzten: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen sistema aldatzea, zuzeneko laguntza gehiago (itzuli beharrik gabeko dirulaguntza) eta alokairuen araudia aldatzea edota udal zergak (ekonomia-jardueren gaineko zerga edo ondasun higiezinen gaineko zerga) murriztea. Horrez gain, banatzaileak ere kontuan hartzeko galdegin zuten, euren fakturazioa ere "nabarmen kaltetu" delako.
Ubarrechenak deitoratu zuenez, "orain arte jaso dugun bakarra adabakiak dira, are herri honen susperraldia gidatu nahi duen horrek irainen bat ere bota digu".
"Duela bi hilabete aurreikusi genituen 187 milioi euro horiek labur geratu dira ostalaritzaren itxialdiarekin", esan zuen Ubarrecheak, eta gaueko aisialdiaren azpisektorearentzat laguntzak eskatu zituen, "pandemia hasi zenetik eurak izan dira murrizketa gehien jasan dituztenak", azaldu zuen.
Bilbon, martxak Kale Nagusitik egin du ibilbidea, zenbait bizilagunen txalo artean. “Egiten ari zaienentzako” mobilizazioa “gutxi” dela esan du Lourdesek, aldi baterako lan-erregulazioan dagoen langileak. “Ez dago eskubiderik, itxita dituzte, baina dendak gaur nola dauden ikusi besterik ez dago”, adierazi du haserre, Black Friday-ri erreferentzia eginez.
“Guztiaren erantzule garela ematen du, eta jan egin behar dugu; diru-laguntzak agindu bai, baina ez dira heltzen, urteko lau hilabete itxita eman ditugu, eta nola biziraun horrela”, azaldu du Josek, Arrigorriagako taberna baten jabeak.
"Kasu, ostalariak kexu" lelopean bildu dira Ipar Euskal Herriko hamar bat ostalari, goizean, Baionako suprefeturaren aurrean, eta protesta egiteko garagardoa bota dute. Frantziako Gobernuak iragarritako neurriek haserrea piztu dute haien artean; izan ere, jatetxeak urtarrilaren 20tik aurrera irekitzeko asmoa azaldu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak; ostatuentzat, ordea, ez zuen eperik aipatu.
Frantziako Gobernuak zenbait laguntza hitzeman zizkien itxita egon behar duten enpresei: 10.000 euroko laguntza gehienez ere, eta langileentzako langabezia partziala. Hala ere, neurriak “eskasak” direla diote ostalariek.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Eric Spitz prefetak egindako agerraldi batean baieztatu duenez, “diskotekak eta ostatuak irekiko ditu azkenik” Frantziako Gobernuak. Urtarril hasieran “egoera ebaluatuko” du Frantziako Gobernuak, “perspektibak zein diren” aztertzeko.
BIDEOA | Iparraldeko ostalariek garagardo upelak hustu dituzte Baionako suprefeturaren aurrean
Ostalariek laguntzarik jaso ez dutela salatu du EH Bilduk
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren kontrolerako saioan, Legebiltzarrean, Iker Casanova EH Bilduko parlamentarioak salatu du ostalaritza sektoreak oraindik ez duela inolako laguntzarik jaso: “Ez da egia ostalariei laguntzeko neurriak adostu direla. Laguntzei buruz hitz egin dute, baina Jaurlaritzak ez du neurririk hartu”.
Halaber, aldi baterako lan-erregulazioengatik ematen diren laguntzak osatzeko Jaurlaritzak joan den ekainean iragarri zituen ekarpenak oraindik ordaindu ez direla kritikatu du: “Langileek, emakumeak eta migratzaileak gehienak, oraindik ez dute laguntzarik jaso”.
Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu zenetik astebete pasa da, eta 7.230 ostalarik eskakizuna egin dute jadanik, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan azaldu duenez. “Eta guztiei erantzungo diegu”, ziurtatu du, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideari erantzunez.
“Egoera kritikoan” dagoen sektoreari laguntzeko neurri berriak eskatu ditu Casanovak. Aldi baterako lan-erregulazioen osagarriak eta prestazioak kobratzeko atzerapena eta jarduerari ezarritako mugak argudio bezala erabili ditu EH Bilduko legebiltzarkideak.
“Sektorearen zati bat salbatzeko garaiz gabiltza, beste bat desagertu delako jadanik. Mugitu zaitezte”, eskatu die Jaurlaritzako kideei bere eserlekutik. Ostalariek protestetan erabilitako kartelak erakutsi ditu Casanovak Ganberan.
“Martxoaren 24az geroztik”, aurreneko alarma egoera ezarri eta handik gutxira, Eusko Jaurlaritzak martxan duen “erreskate plana” defendatu du lehendakariak. Sektore guztientzako neurri “orokorrak” onartu zituztela gogorarazi du agintariak, pandemiak jarduera guztiei eragin dielako.
Urkulluren hitzetan, egitasmoa “eguneratu eta berrindartu” dute eta, gainera, ostalaritzarentzako “zuzeneko diru-laguntzak” martxan jarri dira, Eusko Jaurlaritza “itxieraren ondorioetatik kanpo” ez dagoelako.
Aste Santuan, ostalaritza bakarrik ez, “saltokiak, hezkuntza, kultura, enpresak, industria… herri osoa ixtea proposatu zenuten, ostalaritzatik hasiz”, leporatu dio Urkulluk EH Bilduri, eta orain “ezkutatu nahian zabiltzate”, aurpegiratu dio.
“Pertsonen bizitzaren gainetik ekonomiari lehentasuna eman izana egotzi zeniguten”, deitoratu du lehendakariak. “Egoerari eusteko” EH Bilduren “konponbide erraza: AHT gelditzea eta zergak igotzea” izan zen, gogorarazi duenez.
“Estatuko Aurrekontu Orokorrak AHT gelditu barik eta zergak igo gabe onartu berri dituzue. Eta ostalaritzari laguntzeko neurririk gabe, hemen martxan ez dugunik ez, behintzat”, erantsi du.
BIDEOA | Casanova eta Urkulluren arteko ika-mika, ostalarien krisia dela eta
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa