21:33

Ekonomia

Europar Batasuna

Hungariak eta Poloniak betoa EBren aurrekontuari, eta laguntzak atzera litezke

agentziak | erredakzioa

Bi herrialdeek errefusatu egiten dute funtsak Zuzenbide Estatuaren printzipioei lotuta banatzea, eta neurri hori ezin zutenez blokeatu, aurrekontuen aurrean eman dute kontrako botoa.

  • Victor Orban, Hungariako lehen ministroa. Argazkia: Efe

    Victor Orban, Hungariako lehen ministroa. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hungariak eta Poloniak betoa jarri diote 2021-2027rako Europar Batasunaren (EB) aurrekontu akordioari eta hori finantzatzeko baliabide propioei buruzko erabakiari. Ondorioz, baliteke aurrekontua eta koronabirusaren osteko susperraldirako laguntzak atzeratzea.

Bruselan 27etako enbaxadoreek egindako batzarrean, Budapestek eta Varsoviak mehatxua bete eta ez diote oniritzia eman aurreko astean Kontseiluak eta Euroganberak egindako akordioari, aurrera egiteko guztien babesa behar zuenari.

"Hungariak betoa jarri dio aurrekontuari, Orban lehen ministroak ohartarazi zuen moduan, ezin baitugu aurrekontuei buruzko erabakiak Zuzenbide Estatuaren irizpideekin lotzen dituen egitaraua babestu. Kontseiluak uztailean erabakitakoaren aurka doa", adierazi du Twitterren lehen ministroaren bozeramaileak.

Bi herrialdeek errefusatu egiten dute funtsak Zuzenbide Estatuaren printzipioei lotuta banatzea, eta neurri hori ezin zutenez blokeatu (gehiengo kualifikatua nahikoa da), aurrekontuen aurrean eman dute kontrako botoa.

Hala, 27en enbaxadoreek mekanismo hori onartu dute, baina bi estatuek aurrekontuari jarritako oztopoak galarazi du akordioa.

Hungariak eta Poloniak Bruselak irekitako bi txosten dituzte Zuzenbide Estatuarekin dituzten arazoengatik, eta irizpide hori dirua banatzeko sisteman sartzearen aurka daude.

"Mekanismo politiko bat sortzeko saiakera bat da, EBko herrialde batzuek presioa egiteko aukera izango lukete, eta ez dugu onartzen", adierazi du Michal Dworczyskek, Mateusz Moraviecki Poloniako presidentearen kabineteburuak.

Poloniak eta Hungariak gutun bana bidali dizkiete Europako erakundeei, izan ere, Hungariaren kasuan, Viktor Orbanek uste du mekanismo hori "xantaia politikoa" dela.

Atzerapena

Aurrekontuaren blokeoak 2021eko urtarrilaren 1etik harago atzera dezake COVID-19aren ondorengo susperraldirako funtsa (1,074 bilioi eurokoa), aurrekontuaren baliabide propioei buruzko erabakia ezinbestekoa baita funtsaren 750.000 milioi euro lortzeko zorra jaulkitzeko.

Gainera, EBko estatu kideetako parlamentuek ere onartu behar dute zor jaulkipena merkatuetara jo aurretik. Ondorioz, 2021a izango da jaulkipenak hasteko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena