Ekonomia
AURREKONTUAK 2021
EITB.EUS
Foru Gobernuaren datorren urteko aurrekontuak ez ezik, neurri fiskalak ere adostu dituzte bi aldeek.
Albisteak (4)
Nafarroako Gobernuak 2021eko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa lortu du EH Bildurekin, eta aurrekontu akordioaz gain, zerga alorreko ituna ere lortu dute.
Foru Gobernuak ohar bidez nabarmendu duenez, bi aldeen arteko negoziaketak argi utzi du "hain une zail hauetan inoiz baino premiazkoagoa" dela "ikuspegi zabalarekin jokatzea, pertsonengan pentsatuz, eta erantzukizuna nork bere gain harturik, Nafarroako herritarren beharrizanak asetzea".
Ildo horretan, akordioak zenbait irizpide eta printzipio ditu oinarri, eta alderdiek uste dute irizpide eta printzipio horiek oinarrizkoak eta ezinbestekoak direla "COVID-19aren pandemiaren ondorioei aurre egiteko, bai eta herritarren eta, bereziki, langileen eta egoera prekarioan dauden pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko ere".
Dokumentuak lehentasun partekatu batzuk jasotzen ditu, hala nola "krisiari termino sozialetan aurre egitea, inor atzean utzi gabe, aurreko krisian aplikatu zenaren kontrako norabidean; eta zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa eta maila publikoan zaintzaren eta babes sozialaren aldeko apustu irmoa".
Halaber, konpromisoa hartzen dute osasunean, hezkuntzan, giza-eskubideetan, kulturan eta enplegu-politiketan baliabide gehiago jartzeko, 2021eko aurrekonturako gastu-mugaren gehikuntza gehiena horietara bideratuz, Europako Funtsen aplikazioa dena delakoa izanda ere; eta lurraldeetako azpiegituretako baliabideak pertsonen beharrizanen, gizarte-errentagarritasunaren eta kohesioaren arabera lehenesteko.
Akordioak, gainera, "ingurumenaren jasangarritasunerako politiken aldeko apustu argia eta irmoa" jasotzen du, eta "egungo krisi sanitario, sozial eta ekonomikoa gainditzen denean, justizia sozialerantz eta baliabide propioen sorrerarantz bideratu beharko litzatekeen zerga-politika birpentsatzeko konpromisoa".
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk fiskalitatearen eta aurrekontuen alorreko hainbat kontsentsu erdietsi dituzte, beraz, akordioa bermatzeko. Ondorioz, Nafarroako Parlamentuko edozein taldek aurrekontuei osoko zuzenketaren bat aurkeztuko balie, EH Bilduk aurka bozkatzeko konpromisoa hartu du, eta hala, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzea ahalbidetzeko konpromisoa.
Akordiorekiko erreakzioak
PSN-PSOEren talde parlamentarioak akordioa defendatu du, "larrialdi egoera batean akordioak lortu behar dira eta herritarren beharrak ezin dira utzi alde batera" esanez eta "aurrekontuak aurrera ateratzea" beharrezkoa dela gaineratuz. Ramon Alzorriz PSN-PSOEko bozeramailearen hitzetan, "aurrekontuak beharrezkoak dira eta, horregatik, 150 milioi euro bideratu dira zerbitzu publikoak indartzeko eta 500 milioi euro baino gehiago Nafarroako ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko, Europar Batasunarekin bat eginez".
Bestalde, EH Bilduk akordioaren "balio politikoa" azpimarratu du prentsaurrekoan. Bakartxo Ruiz Parlamentuko bozeramailea pozik agertu da "Navarra Sumak ez duelako negoziazioak baldintzatzea lortu, ezta akordioa lortzea ere", eta ezin izan duelako "Parlamentuan ikuspegi aurrerakoia duen gehiengoa oztopatu". Adolfo Araizek adierazi duenez, aste hauetako negoziazioek balio izan diete egiaztatzeko "une zailetan ikuspegi zabala izan behar dela eta pertsonengan eta haien beharretan zentratu behar direla aurrekontu-politikan gerta litezkeen aldaketak".
Geroa Baik, Foru Gobernuari eusten dion alderdietako batek, akordioa "funtsezkotzat" jo du, Gobernuari "egonkortasuna" ematen diolako. Ohar batean, koalizioak "garrantzitsutzat" eta "funtsezkotzat" jo du akordioaren iragarpena; izan ere, aurrekontuak onartzea "beti garrantzitsua" bada, "oraingoan bi aldiz garrantzitsuagoa da, koalizio gobernuaren ekintza politikoari egonkortasuna ematen diolako, eta pandemiak sortutako krisi honetan behar-beharrezkoa baita". Halaber, egoera horretan akordioa lortzea "funtsezkoa" dela uste du, "Europako Next Generationeko funtsak eskuratzeko aurretiazko urratsa delako".
Podemos Ahal Duguk ere "politika eskuindarrak atzean utziko dituen" akordio baten lorpena ospatu du, eta koalizio abertzaleari 2021eko Nafarroako Aurrekontuak onartzeko prestasuna eskertu dio, besteak beste, "demokrazia hasi zenetik Foru Erkidegoan eskubide sozialetarako izan den hazkunde ekonomiko handiena daramatelako".
Erabat kontrako iritzia du, noski, Nafarroako eskuinak. Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako bozeramaileak adierazi duenez, Maria Chivite Gobernuko presidentea "Nafarroa euskal independentismora saltzen ari da" EH Bildurekin aurrekontuak hitzartzean. Izan ere, "Bilduk Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean lanean jarraitzen du, eta orain Chiviteren eta PSNren eskutik egiten du", adierazi du UPN, Ciudadanos eta PPren koalizioko buruak. Gogora ekarri duenez, Na+ek aurrekontuak onartzeko aukera eskaini zion Chiviteri EH Bildurekin negoziatzen ez bazuen, eta "ezin izango du esan beste aukerarik ez zuenik, bai baitzuen". Hala, erabat deitoratu du Chivitek "Bildu zuritzen jarraitzeko autua egin eta alderdikeria Nafarroako interesen aurretik jarri" izana, eta jarrera hori "izugarri berekoia eta arduragabea" dela gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa