Ekonomia
Mobilizazioak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Araban eta Gipuzkoan mobilizazioak egin dituzte goizean. Bizkaian, berriz, greba eguna dute ostegun honetan. Osasun egoera egunetik egunera okerrera egiten ari dela salatu dute.
Txagorritxu Ospitaleko langileen protesta, Gasteizen. Argazkia: Steilas
Albisteak (7)
Arabako eta Gipuzkoako osasun zentroetan elkarretaratzeak egin dituzte asteazken honetan Osakidetzako langileek, SATSE, ELA, LAB, SME, CC.OO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek deituta. Hain zuzen ere, euskal osasun zerbitzuak bizi duen egoera "kezkagarriaren" aurrean kalera atera dira, "pandemiak dena larriagotu duelako". Halaber, Osasun Sailak egin dien mespretxua salatu dute, "haien dei bakar bat ere ez dugulako jaso".
Hala, Osakidetzako langileek proesta egin dute goizean Arabako eta Gipuzkoako ospitaletan, 11:00etan hasita, eta 13:00ean lehen arretako osasun zentroen kanpoaldean elkartu dira. Ostegunerako, berriz, 24 orduko lanuztea deitu dute Bizkaiko zentroetan.
Mobilizazio horien guztien helburua da langileek bizi duten egoera "asaldagarria" salatzea, "egunetik egunera okerrera egiten ari baita".
"Lehen itxialdia bukatuta, Osakidetzak ez zuen planifikazio egoki bat abiatu, eta ez zuen ahaleginik egin aldian-aldian birusak izan zitzakeen agerraldiei aurre egiteko", kritikatu dute sindikatuek. Gainera, gogora ekarri dute pandemia hasi aurretik ere "lan karga izugarria" zutela.
"Lana bikoiztu egin da, eta oraindik iritsi ez diren ahalegin horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira. Izan ere, kolapso egoeran gaude berriro, eta ezinezkoa da gaixo guztiak artatzea", erantsi dute.
"Beraz, martxoan gertatu zen bezala, premiazkoa ez den arreta atzeratu behar izan dugu", ohartarazi dute.
Ildo horretan, azpimarratu dute COVID-19az bestelako patologietan arreta atzeratu egin dutela, horrek ondorio larriak ekar ditzakeela eta argi dagoela osasun sistemak ez duela herritarren beharrak asetzeko adina baliabide.
Horregatik, Osasun Sailaren "adierazpen propagandistikoetatik" haratago, gaixoek jakin badakite egoera geroz eta okerragoa dela, sindikatuen arabera.
"Horren aurrean, langileek ohi baino ordu gehiago egiten dituzte lan, ez dute atsedenik hartzen, txandak bikoizten dituzte eta sekulako lan karga dute", nabarmendu dute.
"Ez dugu deirik jaso"
Egoera geroz eta larriagoa den arren eta Arabako eta Gipuzkoako greba deialdiak "arrakasta" izan bazuen ere, Osasun Sailak muzin egin diela adierazi dute, haien "dei bakar bat ere" ez dutelako jaso.
Hori horrela, gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik informaziorik jaso ez izana, "ez delako negoziaziorik existitzen". "Ez digute neurri bakar bat proposatu, aspalditik datozen arazo estrukturalei aurre egiteko", ziurtatu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa