18:21

Ekonomia

Krisia

EBk 2021-2027 aldirako aurrekontua adostu du, COVIDaren osteko susperraldiari begira

agentziak | erredakzioa

Akordioak bidea irekitzen die estatu kideetako parlamentuei arau berriak onar ditzaten, Europar Batasunak zorra jaulki ahal izateko. Hungariak dagoeneko mehatxu egin du blokeoarekin.

  • Iruñeko Volkswageneko langileak. Argazkia: Efe

    Iruñeko Volkswageneko langileak. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europar Batasuneko estatuek eta Europako Parlamentua akordio batera iritsi dira 2021-2027 aldirako aurrekontuaren inguruan, ezinbesteko pausoa COVID-19aren pandemiaren osteko susperraldi ekonomikorako egitasmo bilioiduna aurrera eramateko.

"Europako Kontseiluko eta Parlamentuko negoziatzaileek akordio politikoa egin dute EBren aurrekontuaren eta susperraldirako partidaren inguruan", iragarri du Twiterren Kontseiluak, seihileko honetan Alemaniaren esku dagoenak, bi erakundeek, Europako Batzordearen bitartekaritzarekin, egin duten azken negoziazio sortaren ostean.

Akordioarekin aurrekontua handitu egingo dute beste 16.000 milioi eurotan, 1,09 bilioira arte, Jan Olbrycht eta Jose Manuel Fernandez Europako Alderdi Popularreko eurodiputatu eta negoziatzaileek jakinarazi dutenez.

Europako Parlamentuak hasiera batean eskatutako 39.000 milioietatik behera gertatzen da igoera, baina Kontseiluak proposatutako 10.000 milioietatik gora.

Diru gehigarri hori Erasmusarekin, ikerketarekin eta zientziarekin, osasunarekin edo inbertsioekin lotutako programetara bideratuko dute.

Aurrekontua diruz hornitzeko eta Europako Batzordeak pandemiaren osteko susperraldirako 750.000 milioi euro lortzeko jaulkiko duen zorraren itzulketa ordaintzeko datorren zazpi urteetan ezarriko dituzten diru iturri berriak ere jasotzen ditu akordioak, eta baita neurri horiek ezartzeko egutegia ere.

"Akordioak handitu egiten du Parlamentuak Susperraldirako Funtsaren eta aurrekontuaren gainean egingo duen kontrola", adierazi dute negoziatzaileek.

EBko buruzagiek 2021-2027 aldirako aurrekontua adostu zuten uztailean (orduan 1,074 bilioi eurokoa zen), eta 750.000 milioi euro Susperraldirako Funtsean, baina martxan jartzeko ezinbestekoa da Euroganberaren babesa.

Aurrekontuaren zenbatekoa eta baliabide propioak adostea zen oztopo handiena, aurreko astean EBko funtsak Zuzenbide Estatuarekin lotuko dituen mekanismoa itundu ostean, eta Susperraldirako Funtsaren erabileraren araudia adostu baino lehen.

Akordioak bidea irekitzen die estatu kideetako parlamentuei arau berriak onar ditzaten, Europar Batasunak zorra jaulki ahal izateko, herrialde batzuek ez baitzuten bozketa hori egin nahi egitasmo osoaren nondik norakoak adostu baino lehenago.

Hala ere, arrakasta ez dago ziurtatu, Hungariak dagoeneko mehatxu egin duelako aho batez onartu behar diren erabakiak blokeatuko dituela (aurrekontua eta baliabide propioak), dirua eta Zuzenbide Estatua lotu izana gaizki ikusten duelako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena