Ekonomia
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
30 milioi horiek aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 70 milioiraino igo du erresistentzia plana.
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak ostalaritza sektoreari laguntzeko programa berria aurkeztu du astearte honetan Gobernu Kontseiluan. Aurrekoez gain, beste 30 milioi euroko laguntza zuzenak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak.
30 milioi horiek aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 70 milioi eurora igo du erresistentzia plana. 70 milioi horietatik, gutxienez 45 ostalaritzako ezohiko laguntzetara bideratuko dira.
Esan bezala, 30 milioi euroko laguntza izango du ostalaritzak: Ekonomia eta Ogasun Sailak 25 milioi emango dizkio eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak gainerako 5 milioiak. Hurtadok azaldu duenez, COVID-19agatik merkataritzari aurretik emandako laguntzen soberakinetatik lortu dituzte 5 milioi horiek.
Ostalaritzara zuzendutako laguntza berri horiei dagokienez, autonomoak eta enpresa txikiak diruz laguntzea dute helburu. Hain zuzen ere, enpresa horiek beren jarduna eten behar ez izatea bilatzen dute, eta horretarako galera ekonomikoak arintzea da asmo nagusia, betiere enpleguari eutsiz. Hartara, enplegua bermatzeko asmo horrekin, tabernak eta jatetxeak irekitzen diren egunetik gutxienez lau hilabetez jardunari eustea eskatu diete laguntzak jasoko dituztenei.
Euskadiko ostalaritzaren % 99 enpresa txikiek osatzen dute. Guztira, 12.219 establezimendu daude eta erdiek langile 1 edo 2 dituzte. Zehazki, 8.297 establezimenduk dituzte 3 behargin baino gutxiago; 3.224k, berriz, 4 eta 10 langile artean, eta 698k, 10etik gora.
Hala, 3 langiletik beherako establezimenduek 3.000 euroko diru laguntza jasoko dute; 3 eta 10 bitartekoek 3.500ekoa, eta 10etik gorakoek 4.000 eurokoa.
Gainera, orain arte Gobernuak nahiz beste erakunde batzuek emandako laguntzekin bateragarriak dira.
Laguntza horiek guztiak bideratzeko, 20 teknikari arituko dira lanean.
Aldundien neurri berriak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek zerga laguntza berriak ezarriko dituzte "aurki", ostalaritzaren egoera ekonomikoa lasaitze aldera.
Horixe jakinarazi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta azaldu du Jaurlaritzak onartuko dituen "laguntza zuzenen osagarri" izango direla foru laguntzak.
Hiru aldundien elkarlana pandemiaren lehenengo oldean ezarritako zerga salbuespenen tankerakoa izango da, hori baita Gonzalezen ustez zentzuzkoena: "Diru-sarrerarik ez badute nola ordainduko dute?".
Gonzalezek aitortu du Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketak "gogorrak eta zailak" direla, baina, era berean, "beharrezkoak" kutsatzeak galarazteko, eta espero du nahikoa izatea "neurri gogorragoak" hartu behar ez izateko.
Horren harira, "ulermena eta esfortzua" eskatu dio gizarteari "deserosoak" diren eta "sakrifizio pertsonala" eskatzen duten neurri murriztaileen aurrean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa