Ekonomia
Erreportajea
EIDER GARAIKOETXEA ORTIZ DE U. | EITB.EUS
Naturan oinarritua dagoen eredu honi buruz mintzatu gara adituekin, erakundeekin eta ekologistekin.
Ekonomia zirkularrak natura du inspirazio iturri. Argazkia: Pixabay
Albisteak (4)
Urriaren 24a Klima Aldaketaren kontrako Nazioarteko Eguna da. Hamarkada luzetan gizakiak naturarengan egindako presio erraldoiaren ondorioz, negutegi efektuko gasen isuria nabarmen azkartu da eta Lurraren baliabide mugatuak are gehiago mugatu dira. Oreka naturala hankaz gora jarri dugu, eta neurri zorrotzak hartu ezean, planetari egindako kaltea konponezina izango da.
Ekonomia harrapari hori izan da, hein handi batean, gure planetaren ezinegonaren eragile, eta hain justu, eredu ekonomiko hori aldatzeak klima aldaketa geldiaraz lezake. Hortxe sortzen da ekonomia zirkularraren kontzeptua; zer da, baina?
"Ekonomia zirkularrak natura du inspirazio iturri. Naturan ez dago hondakinik, bizidun batentzat hondakina dena beste batentzat baliabidea delako", azaldu digu Joan Manuel Fernandez Ikerbasque Research Fellow eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoan (Mondragon Unibertsitatea) ekonomia zirkularrari buruz dagoen ikerketa taldeko buruak. Naturan ezer ez dago soberan, dena eraldatzen da.
Celia Ojeda Greenpeace talde ekologistako Kontsumo arloko arduradunak aurrez aurre jarri ditu ekonomia zirkularra eta lineala: "Gaur egun nagusi den ekonomiak eredu lineala du, hau da, produktu bat fabrikatzen dut, hura erabili, eta ondoren, bota egiten dut. Horri kontrajarriz, ekonomia zirkularrak honela funtzionatzen du: lehengai bat dut, horrekin produktu bat egiten dut, hura erabili, eta ondoren, berrerabili edo harekin beste lehengai bat egiten dut berriro beste produktu bat egin ahal izateko".
Adibide hurbil batekin aski ondo ulertuko da: plastikozko ur botila bat erosten dut, ura edan eta botila botatzen dut (ekonomia lineala). Horren ordez, beirazko edo metalezko botila bat erosten dut, urez bete eta edaten dut, eta ura amaituta, berriro betetzen dut (ekonomia zirkularra).
Izan ere, ikusi ez arren, produktu bat egiteak aztarna ekologikoa uzten du. Hau da, produktu hori fabrikatzeko lehengaia behar dugu aurrena, eta ondoren, lehengai hori ateratzeko eta produktu bihurtzeko energia eta baliabideak. Joan Manuel Fernandez ikerlariak pare bat adibide jarri dizkigu: "Irudika dezagun lau gramoko urrezko eraztun bat, bada bere zama ekologikoa bi tona baliabideren parekoa da. Gauza bera gertatzen da plastikoarekin: PET kilogramo bakoitzeko 300 kilo baliabide kontsumituko genituzke".
Eraztun bakar batek utzitako aztarna ikusita, pentsa mundu zabalean produzitutako produktuen zama norainokoa den. Fernadezen hitzetan, ikerketa batzuek agerian utzi dute berriztagarria ez den eta naturatik ateratzen dugunaren % 80-90 ez dela inoiz produktu bihurtzen, eta produktu bihurtzen denaren % 60-80 hondakin bihurtzen dela erabilera bakarrarekin eta batez beste sei hilabete igarota".
Argi dago eredu hori aldatu beharra dagoela, eta ekonomia zirkularra "erreminta egokiena" dela uste du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak. "Ekonomia zirkularrak harreman zuzena du negutegi efektuko gasen isuriarekin. Lehendabizi, gertuago ditugun baliabide naturalak erabiltzearen alde egiten duelako (aztarna ekologikoa murrizten da), baita produktu berriztagarrien alde ere (beste batzuengatik ordezkatu daitezke). Horrez gain, produktuen ekoizpen zikloa luzatzen den heinean, naturatik ateratzen ditugun baliabideen kopurua mugatzen da, hondakin gutxiago sortzen dira, eta atmosferara isuri gutxiago egiten dira. Europako Batzordearen arabera, ekonomia zirkularrarekin isuriak % 2-4 gutxituko lirateke", nabarmendu du.
Pandemia, "aukera" gisa
Klima larrialdia gutxi ez balitz, 2020. urte honek osasun larrialdia utzi digu: koronabirusak zartakoa eman dio munduari. Zaila da COVID-19ari alde onik topatzea, baina mintzakide izan ditugun hiru lagunek bat egin dute esatean pandemiak, kalte baino, mesede egin ahal diola ekonomia zirkularrari.
Jaurlaritzaren irudiko, "pandemia honek gogoeta sakona egitera eraman behar gaitu. Hausnartu dezagun nola egiten ari garen gauzak, zertan hobe dezakegun sektore publikoan eta pribatuan, baita banakoen artean ere".
Ekonomia zirkularraren aditua ere baikorra da: "Ekonomia zirkularrak tokian tokiko industria eta merkatuak garatzea du helburu, bide horretan atzerriko herriei diegun menpekotasuna murrizten delako, garraio beharrizanak txikitzen direlako, eta beraz, atmosferara gutxiago isurtzen delako. Pandemiak funtzionatzeko modu horren beharra jarri du agerian".
Greenpeacen hitzetan, kontsumo eredu batzuk aldatzeko aukera ekar lezake pandemiak. Besteak beste, espazio irekietan kontsumitzeko beharra dugu, tokian tokiko dendetan. "Halaber, konturatu gara gutxiagorekin ere bizi gaitezkeela (…), baina ez nuke nahi pisu guztia kontsumitzailearengan jarri. Ez da bidezkoa. Enpresek asko dute egiteko, boterea eta dirua eurek dute", azpimarratu du.
Erakundeak, enpresak eta herritarrak, bat eginda
Galdera bat eduki dezake batek baino gehiago buruan: nori dagokio ekonomia zirkularraren bidean bultza egitea? Modragon Unibertsitateko ikerlariaren ustez, "etxean hasi behar da, baina horretarako zelan egin behar den jakin behar dugu. Herritarrok ekonomia zirkularra praktikatu behar dugu, eta etxean egiten badugu, ia oharkabean, lantegira eramango dugu eredu hori, eta hortik, gizartera. Prozesu ziklikoa da".
Erakunde publikoek duten rolari dagokionez, Fernandezek dio "politika integral eta bateratzaileak" sortu behar dituztela, eta maila berean, "ekonomia zirkularrean ondo ari diren erakunde, enpresa eta pertsonak saritu, eta txarto ari direnak zigortu".
Greenpeaceko kontsumo arduraduna kritikoago azaltzen da administrazioek eta enpresek orain arte egindako lanarekin. "Gobernuek darabilten ekonomia zirkularra birziklatzearen monopolioan oinarritzen da batez ere. Birziklatzea oso ondo dago, baina ez da irtenbide bakarra (…) Kudeaketa sistema berri horrek lau ardatz izan beharko lituzke: murrizketa, berrerabilera, konponketa, eta beste guztiak posible ez direnean, birziklatzea".
Enpresei dagokienez, gogorrago jardun du Ojedak, eta uste du "eredu aldaketa oso sakona" egin behar dutela: "Eurentzat errazagoa da esatea hau birziklatzen da edo hau birziklatutako produktu batetik eratorria da (portzentajea zehazten ez badute ere). Enpresek birziklatzea darabilte zuriketa berdea egiteko (ingurugiroa zaintzen dutelakoan aritzea, zurikerian) baina egin behar dutena euren eredu ekonomikoa aldatzea da".
Herritarrek duten paperaz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak uste du "berebiziko garrantzia" duela. Azaldu duenez, "material birziklatuekin egindako produktuak aukeratu behar ditugu; ahal dela, tokian tokikoak, euren aztarna ekologikoa txikiagoa izan dadin. Kontsumo neurrigabea ere saihestu behar dugu: behar duguna bakarrik erosi, eta behin erabilita, saiatu behar gara beste batentzat erabilgarri izaten, hura konponduta, eta ondo baldin badago, beste bati uzten edo saltzen. Gure seme-alabei ematen diegun heziketa ere oso garrantzitsua da, baliabide naturalek duten balioa erakutsi behar diegu".
Celia Ojedak (Greenpeace) kontsumitzaileok dugun botereaz mintzo da: "Kontsumitzea bozkatzea modukoa da, ekintza politiko bat da ia. Kontsumitzen dudanaren bitartez erabaki dezaket nork zuzenduko duen herrialdea eta planeta: zer nahiago dut? Kutsatzen duen eta berarentzat lan egiten duten pertsonez kezkatzen ez den multinazional bat ala enpresa txiki bat, ingurumenaz eta pertsonez kezkatzen dena?
Beste ideia honekin borobildu nahi izan du ideia globala ekologistak: "Herritarren inplikaziorik gabe, ez da aldaketarik izango, baina gobernuek euren arauak moldatzeko borondatea eduki ezean eta enpresek eta korporazio handiek euren eredua irauli barik, jai dugu".
Euskadi, ekonomia zirkularraren erronkapean
Eusko Jaurlartitzak urtarrilean onartu zuen "Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030". Sailburuordearen berbetan, programak hiru helburu nagusi ditu: materialen ekoizpena %30 handitzea, material zirkularren erabilera % 30 areagotzea eta BPGa (barne produktu gordina) unitate bakoitzeko sortutako hondakinen tasa % 30 murriztea.
Hiru xede horiek egungo Euskadiren egoera iraultzea dute asmoa. Mondragon Unibertsitateko ekonomia zirkularreko adituak zenbakitan jarri ditu: euskal industriak lehengaien % 77 inportatu egin behar ditu. Horrez gain, kontsumitzen diren produktuen erdia ez da berriro erabiltzen eta zabortegian edo errauskailuan bukatzen du. Azkenik, kontsumitzen denaren herena erregai fosilak dira (isurien % 70 sortzen dituzte).
Datuok gorabehera, adituak uste du Euskadik ondo heldu ahalko diola ekonomia zirkularraren erronkari. Besteak beste, honako indarguneak aipatu ditu: erakundeen konpromisoa, berrikuntza eta zientzia alorrean dagoen sare sendoa, eta ingurumen ziurtagiridun produktuak garatzeko gai diren puntako enpresak. "Ildo horretan, Euskadi herrialde eredugarria da, baina oraindik asko dago egiteko".
Amaia Barredo Ingurumen sailburuordeak nabarmendu duenez, gaur gaurkoz "Euskadiko 240 industria enpresa -horietatik 177 enpresa txiki eta ertainak dira- ekonomia zirkularreko eredu eta praktikak erabiltzen ari dira jada, batez ere automobilgintzan eta garraio alorrean". Hala, gaur egun ekonomia zirkularra Euskadin BPGan % 1,12 da, eta 18.463 enplegu daude ekonomia zirkularrari lotuta, hots, EAEko enplegu osoaren % 2,08. Balio hori Espainiakoa (% 2) eta Alemaniakoa (% 1,71) baino altuagoa da.
"Egin dugun diagnosiaren arabera, estrategia berritzaileak martxan jartzeko gai bagara, 2.000 milioi euro aurreztuko ditugu euskal industrian", nabarmendu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa