08:48

Ekonomia

Amiantoa

Asbestosiak jota hil zen langile baten familiari kalte-ordaina eman beharko dio CAFek

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako lan arloko 2. epaitegiak Beasaingo enpresa zigortu du eta horrek 133.665 euro ordaindu beharko dizkio langilearen alargunari eta alabari.

  • Amiantoarekin lan egiteak minbizia eragiten du.

    Langilea 20 urte baino gehiagoz egon zen amiantoarekin lanean. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Donostiako lan arloko 2. epaitegiak onartu egin du asbestosiak jota hil zen CAFeko langile baten familiaren auzi-eskaria eta 133.665 euroko kalte-ordaina ezarri du: 108.540 euro alargunarentzat, eta 25.125 euro alabarentzat. Epaitegiak Caldereria Oria enpresaren kontrako beste demanda bat baztertu du, beste behargin bat amiantoarekin lan egin zuela frogatu ezinda geratu baita.

Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak gogorarazi duenez, CAFeko langileak galdaragile gisa jardun zuen 1973 eta 1999 urteen artean. Ondoren, gaixotu egin zen eta ezintasun iraunkor erabatekoa aitortu zioten. 2008ko maiatzean hil zen, birikitako transplantea egin ostean.

Familiak 2017an baieztatu zuen langilearen heriotza amiantoarekin zerikusia izan zuela, Valdecillako Ospitaleak egindako mediku-txosten bati esker. 2018ko urrian, asbestosia lan gaixotasuna zela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.

Ildo horretan, Donostiako epaitegiak nabarmendu du "asbestosiak eragindako heriotzak lan heriotzak" direla ondorioztatu zuela Auzitegiak, eta enpresak "segurtasun eta higiene arautegi zabala urratu" zuela.

Hala, epaiarekin "pozik" azaldu da Asviamie. "Agerian geratu da, beste behin, CAFek segurtasun eta higiene arautegia bete ez zuela. Enpresak birikietako gaitz askoren jatorria ezkutatzeko zuen asmoa zapuztu du. Izan ere, banakoen ohiturei leporatzen zien gaitza, baina ez zien tabakoa debekatu amiantoarekin lan egiten zutenei"

Era berean, elkarteak Osakidetzari eskatu dio "ez laguntzeko birikietako gaixotasun askoren jatorri profesionala ezkutatzen".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena