Ekonomia
Hezkuntza
EITB.EUS
Hori horrela, hiru hiriburuetan manifestazioak deitu dituzte urriaren 2rako. Ohartarazi dute baliabide gehiago jartzen ez badira "transmisio-arazoak areagotu egingo direla" ikasgeletan.
Bost sindikatuetako ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: ELA
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, hezkuntza alorreko irailaren 15eko greba "arrakastatsua" izan zenetik ez dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren "inongo proposamenik" jaso "ikastaro presentzial, seguru eta adostu" bat bermatuko duten baliabide gehigarriak negoziatzen hasteko. Hori horrela, EAEko hiriburuetan manifestazioak deitu dituzte urriaren 2rako.
Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, mobilizazioak iragartzeko. Kezka agertu dute bakartutako ikasgelak "egunero ugaritzen" ari direla ikusita, eta honakoa ohartarazi dute: "Hezkuntza Sailak osasun-neurriak bermatzeko behar diren baliabideak planifikatzen, helarazten eta ahalik eta lasterren martxan jartzen ez baditu, transmisio-arazoak areagotu egingo dira gure ikastetxeetan".
Euren ustez, Hezkuntza Sailaren aldetik proposamenik jaso ez izanak "berretsi egiten ditu" Bildarratzekin bildu ostean sindikatuek ateratako ondorioak: "Alde batetik, osasuna eta hezkuntza bermatzeko irizpide komunei, neurri gehigarriei eta baliabide-aurreikuspenei dagokienez, plangintzarik gabe jarraitzen du Hezkuntza Sailak. Eta, bestetik, mobilizazioa, greba eta horien bidez salatu eta azaleratu nahi ziren arazoak ikusezin bihurtzeko eta desaktibatzeko saiakera baino ez zen izan".
Sindikatuek nabarmendu dutenez, "ekimen ugari egin dira ikastetxeen kolektiboen arazoak ikusarazteko", eta, ondorioz, Hezkuntza Sailak erantzunak eman behar izan ditu, "modu mugatu eta partzialean" izan bada ere. Hori horrela, langileen ordezkariek, sindikatuek, uste dute mobilizazioa dela Hezkuntza Saila "plangintza integral bat mahai gainean jartzera behartzeko modu bakarra", irizpide komunekin eta beharrezko baliabideekin.
Bost sindikatuok euren eskaerak gogorarazi dituzte prentsaurrekoan. Besteak beste, langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi (10-15 ikasle, 0-3 zikloan talde txikiagoak) eta lantaldeak handitzea, protokoloak jasotako norbera babesteko ekipamenduak ikastetxeetan egotea, ikasgeletan pertsona bakoitzak hiru metro koadro izatea eta ikasleen artean 1,5 metroko distantzia egotea, espaziorik ez dagoen eskoletan bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea, sortutako arrakalak murrizteko baliabideak jartzea, ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea, egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordainduak ematea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa