Ekonomia
Kaleratzeak
ITP Aerok 194 langile kaleratu nahi ditu Zamudion
EiTB.EUS
Bestalde, epaileak baliogabetzat jo du enpresa horretako Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan ezarritako aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea.
-
ITP Aeroko langileen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE
Osagai aeronautikoak ekoizten dituen ITP Aero enpresak 194 langile kaleratu nahi ditu Zamudioko lantegitik, kontratuak hausteko erregulazio espediente baten bidez, ELA sindikatuko ordezkari batek Euskadi Irratiari jakinarazi dionez.
Bizkaian lau planta ditu ITP Aerok (Zamudion, Sestaon, Barakaldon eta Derion), eta 1.900 pertsona daude lanean gaur egun lantoki horietan; horietatik, 1.269 Zamudion. Asteazken honetan zuzendaritzak sindikatuei aditzera eman die Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko egoitzan dauden beharginen % 15 kaleratzeko asmoa duela.
Negoziazio mahaiak bilera telematikoa egin du gaur, eta bertan jaso dute sindikatuek epe laburrean egin nahi dituzten kaleratzeen berri, ELAk azaldu duenaren arabera.
Baliogabetzat jo dute Barakaldoko eta Sestaoko enplegu erregulazioko espedientea
Irailaren 3an egindako epaiketaren ondoren, epaitegiak baliogabetzat jo du ITP Aero enpresaren Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan izandako lan kontratuen etete kolektiboa, LABek aurreratu duenez.
Epaiak dio enpresak "berehala" kontratatu beharko dituela aldi baterako kontratu gabe utzi zituen beharginak, eta berriro lanean hasi arte jaso ez duten soldata ere ordaindu beharko diela.
"Azpimarratu nahiko genuke epaiak aldi baterako lan erregulazio espedienteari bete-betean eragiten diola, hau da, argi uzten du ez zegoela enplegu erregulazioa luzatzeko beharrik. Horregatik, uste dugu ez zela beharrezkoa neurri hori hartzea, langileengan izan dituen ondorioak kontuan izanda", adierazi du LABek ohar baten bidez.