Itxi

Ekonomia

Greba hezkuntzan

Sindikatuek "ikasgeletara itzulera seguru eta adostu" bat eskatu dute kaleetan

agentziak | erredakzioa

Deitzaileen esanetan, jarraipena % 70ekoa izan da. Hezkuntza Sailak, bestalde, adierazi du sare publikoan % 41,9koa izan dela jarraipena (orain arte ikastetxeen % 89ren datuak eskura dituzte).

0:45
Hezkuntzako manifestazioa

Milaka pertsona kalera atera dira gaur EAEko hiriburuetan "ikasgeletara itzulera seguru, aurrez aurreko eta adostu" bat eskatzeko, hezkuntzako sindikatu guztiek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) deitutako grebaren harira. Lehen balorazio batean, jarraipena % 65ekoa izan dela adierazi dute sindikatu deitzaileek. Hezkuntza Sailak ere aurreneko datua eman du: ikastetxe publikoen % 89k emandako datuen arabera, langileriaren % 41,9k egin du bat greba deialdiarekin. 

EAEko unibertsitatetik kanpoko 372.000 ikasleri eragin die grebak. 40.000 langile dituzten 1.200 hezkuntza ikastetxe publiko zein itunpeko egon dira parte hartzera deituta.

Deialdiari hezkuntza alorrean azpikontratatuta lan egiten duten beharginak batu zaizkie. Hau da, jangeletako, garbiketako eta eskola garraioko 10.000 bat langile.

Grebaren baitan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazioak deitu dituzte sindikatuek, eta irakasleak ez ezik, familiak eta ikasleak ere bildu dira.

"Jarraipena oso zabala  izan da", sindikatuen esanetan

Sindikatuek euren webguneetan jaso dutenez, grebaren jarraipena % 70ekoa izan da langileen artean. "Gobernuak greba eta mobilizazioak oztopatzen saiatu arren, lanuzteak babes zabala izan du", esan dute.

Hiru hiriburuetan egindako manifestazioetan izandako parte-hartzea "oso nabarmena" izan da: 8.000 lagun izan dira Bilboko kaleetan; 5.000, Gasteizen; eta 4.000, Donostian, sindikatuen arabera. Manifestazioekin bat egin dute, halaber, ikastetxeetako guraso-elkarteek eta ikasleen mugimenduek.

Gauzak horrela, sektoreko sindikatu guztiek Hezkuntza Sailari eskatzen diote "behingoz bere gain har dezala egoerak eskatzen duen erantzukizuna, eta abian jar ditzala aurrez aurreko ikastaro segurua eta adostua bermatzeko neurriak, bai eta osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak ere". Bestela, mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela aurreratu dute.

Sektoreko sindikatu guztiek eskatzen dute ratioak jaistea eta plantillak handitzea langile-talde guztietan (garbiketako langileak, sukaldariak, 0-3 haur-hezitzaileak, behar bereziei erantzuteko espezialistak, jantokietako eta garraioetako monitoreak eta irakasleak); ikastetxeei Norberaren Babeserako Ekipamenduak ematea, protokoloak jasotzen duen bezala, bereziki laguntzako espezialisten kasuan; geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz.

Halaber, hainbat neurri eta baliabide eskatzen dituzte, hala teknologia-arraila nola euskararena murrizteko; jantoki-zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea; curriculuma egokitzea eta murriztea, ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartzea; kalteberatasun- eta sentikortasun-egoeran dauden langileak babesteko neurriak eta kontziliaziorako baimen ordaindua ezartzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar batean azaldu duenez, orain arte sare publikoko ikastetxeen % 89k helarazi dizkio parte hartze datuak. Hala, datu horiek eskuan, 8.203 irakaslek egin dute bat grebarekin (orotara 19.553 irakasleren gaineko informazioa jaso da, sare publikoko 23.000 irakasle ingururen artetik). Parte hartzea une honetan aztertutako ikastetxe publikoetako irakasleen artean % 41,9an kokatzen da.

Dena dela, gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak ez du jarraipenaren inguruko "zifra gerran" sartu nahi.

Zupiriaren hitzetan, Jaurlaritzak "bat egiten du hezkuntza alorreko profesionalek duten kezkarekin". Hori horrela, hitz eman du Jaurlaritzak "hezkuntza eskubidea, eta ahal den heinean aurrez aurrekoa, bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak" hartuko dituela.

Ohartarazi duenez, "egoera oso konplikatua da. Aurrez aurreko hezkuntzaren alde egin dugu, eta argi izan behar dugu maratoi bat izango dela". Dena den, erantsi du "autokritika uneoro" egin behar duela gobernuak.

Ezberdintasuna ikastetxeen artean

Eskola batzuetan, deialdiak jarraipen zabala izan du lehen orduetan, eta beste batzuetan normaltasuna izan da nagusi. Donostiako Aldapeta Maria ikastetxean, adibidez, ikasleek ohiko eskola eguna dute gaurkoa. Hala, greba egiteko arrazoiak egon daitezkeen arren, testuingurua ez dela egokia esan du Itziar Iturrioz ikastetxe horretako zuzendaritza taldeko kideak Euskadi Irratian.

Gasteizko Ekialdea institutuan, berriz, irakasleen bi herenek egin dute bat grebarekin, Pello Salazar zuzendariak jakinarazi duenez. Halaber, aurreikusitakoa baino ikasle gutxiago joan dira ikastetxera, eta horietako batzuek etxera itzultzea erabaki dute egoera ikustean.

Bilbon, Txurdinagako Kirikiño ikastolan ere Lehen Hezkuntzako guraso batzuek ez dituzte seme-alabak eskolara eraman, eta grebaren eragina Lehen Hezkuntzan nabaritu da gehien.

Atxuriko eskolan, grebak jarraipen zabala izan du goizean. Irakasle gehienek (% 90) greba deialdiarekin bat egin dute, eta ikastetxe atarian ohar bidez jakinarazi dute gaur ez dela eskola zerbitzurik egongo. Garazi Pizarro bertako irakasleak azaldu duenez, ikasleak babesteko sortutako "burbuila taldeak" gaur ezin direla bermatu azaldu diete gurasoei. Hori dela eta, gaur kudeaketa lanetarako bakarrik egongo da irekita ikastetxea, ezin baitute arreta egokia bermatu.

Loiuko Lauro ikastolan, aldiz, normaltasuna izan da nagusi, eta autobus ugari iritsi dira lehen orduan.

Ikastolak eta Kristau Eskola

Sare publikoko langileena izan da babes handiena; ikastetxe pribatuetan eta itunpekoetan, berriz, eragina txikiagoa izan da, eta ikasle askok gaur egungo pandemia garaiek ezartzen duten "normaltasunez" jaso dituzte eskolak, maskara, hidrogel eta ikasleen arteko distantzien artean.

Kristau Eskola itunpeko eskolen patronalaren arabera, bere zentroetan jarraipena % 2koa izan da.

Ikastoletan, sektoreko iturrien arabera, eragina handiagoa izan da, eta azpikontratetan, nahiko altua.

Desadostasunak

Langileen ordezkariek asteak daramatzate Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu ohiaren kudeaketa kritikatzen eta salatu dute azken hilabeteetan bilerarik izan ez dutela.

Kargua hartu berritan, greba bertan behera uzteko saiakeran, bilera izan zuen Jokin Bildarratzek sindikatu eta hezkuntza komunitateko agenteekin. Bilerak bilera, greba deialdiari eutsi zioten sindikatuek Hezkuntza sailburuak "eduki" zehatzak mahai gainean jarri ez zituelako. Hezkuntza sailburuak, bere aldetik, ohartarazi zuen grebak ez duela laguntzen eta "ahulezia" handiagoa pairatzen duten ikasleei egingo diela kalte bereziki. Horregatik, "elkarrizketarako prest" dagoela berretsi zuen, aurrez aurreko irakaskuntza-jarduera berrabiarazteko aplikatu behar diren neurriei buruzko akordioa lortzen saiatzeko.

Ildo horretan, joan den ostiralean Hezkuntza sailburuak emandako datuen arabera, EAEko 30 bat ikastetxek dute koronabirus kasuren bat erregistratuta langileen edo ikasleen artean, baina orain arte horietako lau baino ez dituzte itxi.

Iñigo Urkullu lehendakariak "justifikaziorik gabekotzat" jo zuen atzo greba, eta adierazi zuen lanuzte horren helburua ez dela "esaten dena", baizik eta atzean "kritika politikoa" egiteko eta Eusko Jaurlaritza berriaren aurrean "tentsioa" bilatzeko asmoa dagoela; horregatik, jarrera aldatzea eskatu zuen, lan komun bat egiteko. Astelehen honetan bertan, EHUren ikasturte akademikoa irekitzeko ekitaldian, Urkulluk dei egin die sindikatuei, berriro, greba eguna bertan behera utz dezaten, "elkar laguntzeko eta eraikitzeko unea delako, ez borrokatzekoa eta zatitzekoa".