Ekonomia
SIEMENS GAMESA
Alkateek eta zinegotziek Gamesaren "deslokalizazio garbia eta gogorra" salatu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Udaleko agintariak lantegiaren aurrean bildu dira langileei elkartasuna adierazteko eta enpleguari eusteko eskatzeko.
-
Agoizko Siemens Gamesa enpresako langileen bigarren greba eguna. Argazkia: EFE.
Agoitzko, Artzibarreko, Aezkoako bailarako Batzordeko, Orotz-Beteluko, Urrozeko eta Longidako alkate eta zinegotziek baztertu egin dute Siemens Gamesak Agoizko lantegia ixteko proposatu duen "deslokalizazio garbia".
Udaleko agintariek elkarretaratzea egin dute gaur goizean lantegiaren aurrean, talde sozial eta kulturaletako ordezkariekin batera, Gamesako langileei elkartasuna adierazteko eta enpleguari eusteko eskatzeko.
Elkarretaratzearen ostean, Angel Unzue Agoizko alkateak (EH Bildu) lantegiaren itxieraren eta 239 langileen kaleratzearen aurka Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Agoizko eskualde osoaren erantzuna ez ezik, Nafarroa osoarena ere izatea eskatu du mobilizazioak.
Unzuek gaineratu duenez, kalean egiten ari diren protestekin batera administrazioekin ere lan egiten ari dira, Siemens Gamesaren desegitea saihesteko irtenbide baten bila inplika daitezen eskatzeko.
Ildo horretan, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako kontseilariarekin egindako bileraren testuinguruan, lantegiaren itxiera saihesteko "ahalik eta lan gehien" egiteko eskatu diote.
"Milioiak jaso dituzte dirulaguntza, laguntza eta onura fiskaletan, eta behin itxiera iragarpena publiko eginda zaila dela badakigu ere, euren betebeharra egoera hau iraultzea da", adierazi du.