Itxi

Ekonomia

Siemens Gamesa

Agoizko itxiera geldiarazteko "ahaleginean borrokatuko" dute langileek

Agentziak | Erredakzioa

Ixteko erabakia "deslokalizazio hutsa eta gogorra" dela salatu du langile batzordeak, galerak dituen enpresa bat ez delako.

  • Agoizko Siemens Gamesa instalazioa

    Agoizko Siemens Gamesa instalazioa. Irudia: EiTB.

Agoizko Siemens Gamesako langileek ziurtatu dute "bere indar guztiekin borrokatuko" dutela multinazionalak lantokia ixtea eragozteko, eta ordezkari politiko eta instituzionalekin bilera sorta bat iragarri dute. Era berean, mobilizazioak antolatuko dituztela azpimarratu dute.

Agoizko lantegiaren sarreran egindako agerraldian, enpresa batzordeak salatu du ixteko erabakia "deslokalizazio hutsa eta gogorra" dela, galerak dituen enpresa bat ez delako, "diru asko irabazten baitu eta are gehiago irabazi nahi baitu" 239 langileen eta haien familien etorkizunari "garrantzia eman gabe".

"2021eko irailera arte lan karga bermatua genuen lantoki bat gara", ziurtatu dute, eta, horregatik, itxiera argudiatzeko erabilitako argudioak "aitzaki soiltzat" jo dituzte.

Irakurri duten komunikatuan, lantokia "lehiakor" gisa deskribatu dute, "produktibitate eta kalitate maila altua" duena, eta gainera, pala modelo handiagoak fabrikatzeko gaitasuna duena.

"Itxierarako arrazoi bakarra eskrupulurik eza eta multinazionalaren zekenkeria da", salatu du batzordeak, eta horren harira "Altsasuko, Tuterako edo Olatzagutiako lantegia itxi zutenean" gertatutakoa aipatu du

Administrazioen inplikazioa, "Siemensek Gamesaren kontrola hartu zuenean hainbeste txalotu zuten horiek berak", "ezinbestekoa" izango da "Agoizko lantokia irekita mantentzeko", batzordearen iritziz, enpresak "diru publiko ugari jaso du, eta orain Nafarroako erakundeek bere erantzukizuna hartu behar dute".

Ildo horretatik, ohartarazi dute ez dutela agintarien eta erakundeen aldetik "hitz politorik eta elkartasun faltsurik" nahi, "benetako ekintzak eta konpromisoak" nahi dituztela.

Beraz, lantaldeak bere eskuetan dagoen "guztia" egitea erabaki du, lanpostu guztiak mantenduko direla bermatzeko. Hainbat ekintza proposatu dituzte: besteak beste, kontsulta-aldian greba jardunaldiak egitea, eta uztailaren 11n, larunbatean, Iruñean autobus geltoki zaharretik manifestazioa egitea erabaki dute.

Era berean, ordezkari politikoekin eta erakundeekin bilera sorta bat eskatuko dute, hain zuzen ere, Gobernuko eta Parlamentuko presidenteekin, Arartekoarekin eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin bilerak eskatuko dituztela zehaztu dute.

Azkenik, Nafarroako gizarteari mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du batzordeak, ziur baitaude "Gamesa Agoitz ez ixtea" lortuko dutela.