19:50

Ekonomia

ENPLEGUA

Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegiaren itxiera salatu dute sindikatuek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek esan dute multinazionalak emandako azalpenak "aitzakiak" direla eta deslokalizazio baten aurrean gaudela. Itxiera galarazteko erakundeen inplikazioa eskatu dute.

  • Siemens Gamesaren instalazioa Agoitzen

    Siemens Gamesaren instalazioa Agoitzen. Irudia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

LAB sindikatuak salatu egin du Siemens Gamesak Agoitzen daukan lantegia ixteko asmoa eta "injustizia" hori galarazteko sindikatuak, erakundeak eta gizarte zibila elkarlanean aritzeko deia egin du.    

Ohar batean, LABek esan du multinazionala "gezurretan" dabilela, joan den astean "urte guztirako lan karga" zegoela jakinarazi baitzien langileek ordezkariei. "Lantegia ixteko plana aurrez prestatuta zuten", kritikatu du.

Sindikatuak uste du deslokalizazio  kasu argi bat dela eta Agoizko lantegiaren itxierak bertan beharginen eta haien senideengan eragin zuzena izateaz gain, inguruko beste enpresa batzuetan ere ondorio negatiboak izango dituela ohartarazi du.

"Agoizko planta itxi nahi dute, ekoizpena Portugalen erosi berri duten fabrikara eta lehendik Tangerren zuten lantegira eraman nahi dutelako", erantsi du.

LABek azpimarratu du multinazionalak Euskal Herrian duen lantegietan enplegua defendatzeko borroka egingo duela.

Horrez gain, ezinbestekotzat jo du Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak "ardura bere gain hartzea" eta itxiera galarazteko bitartekoak jartzea.    

Halaber, lan-erreformaren ondorioz Siemens Gamesak "nahi duena" egin dezakeela eta lantegia ixteko Nafarroako Gobernuaren oniritzia behar ez duela deitoratu du. Hori dela eta, lege hori berehala indargabetzeko exijitu du LABek.

ELA sindikatuaren ustez ere Agoizko lantokia ixteko erabakia "deslokalizazioa" da. Ohar baten bidez kritikatu duenez, "lantoki honek lan-karga bermatuta zuen, palen ekoizpenean erreferentea da 2021eko irailera arte, eta Agoizko 239 langileak kaleratzeko erabakiak arrazoitzeko erabilitako argudioak aitzakia hutsak dira", eta lehiakorra ez izateko elementu bakarra "Siemensen jabe izatea" da.

Azaldu du administrazioen eta Siemens Gamesako langile guztien inplikazioa ezinbestekoa izango dela Agoizko lantegiaren eta enplegu guztien etorkizuna bermatzeko, "gure ondoan nahi ditugu, eskrupulurik gabeko enpresa honi aurre egiteko".

"Agoizko lantokia bideragarria da eta lan karga du, inork ezin du pentsatu gure herrian horrelako deslokalizazio bat erantzun sendorik gabe eman daitekeenik. Gure esku dagoen guztia egingo dugu erabaki hau iraultzeko", adierazi du sindikatuak.

CCOO sindikatuak ere salatu du Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegiaren itxiera, eta ohartarazi du erabaki horrek "Espainiaren ahulezietako bat" adierazten duela, "ekonomia globalizatuaren esparruan, ez baitu inolako zirrikiturik korporazio handien erabaki estrategikoetan zuzenean eragiteko".

Senvion erosi zutenetik konpainia sustatzen ari den deslokalizazio politikaren barruan kokatu du erabakia sindikatuak, eta azken asteetan egindako bilerak gorabehera, "Nafarroako lantegiarentzat bideragarritasun plan batean lan egiteari ez utzi izana" kritikatu du.

Zentzu horretan, CCOOk babes osoa eman die langileei une zail honetan, eta "gure industriaren etorkizuna bermatuko duen eta merkatu aldakor eta konplexu batean kokatuko gaituen" plan industrial bat onartu eta sustatzeko beharra azpimarratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena