Ekonomia
CAF
eitb.eus
CAFek metro unitateak hornituko ditu Napolesen, eta tranbia gehiago bidaliko ditu Amsterdam eta Stockholm hiriburuetara.
CAFeko tranbia bat Stockholmon. Argazkia: CAF
CAFek egun Amsterdam eta Stockholm hiriburuetarako garatzen ari den bi kontratuak zabaltzeko akordioak itxi ditu, eta, horrez gain, Napoles hirirako metro-unitateak hornitzeko beste kontratu bat sinatu du. Horien bolumena guztira 100 milioi euro ingurukoa izango da.
Metro-unitateak Napolesen
Ostiralean, ekainaren 19an, CAFek esparru-akordioa sinatu zuen Ente Autonomo Volturnorekin, Italiako Campania eskualdean tren arloan eskualdeko eta metropoliko garraio publikoaren zerbitzuaz arduratzen den sozietatearekin. Akordio horren arabera, 10 metro-unitate egingo dizkio, 3 urtez mantentze-lan integrala egiteaz arduratuko da eta parkeko piezak hornituko dizkio.
CAFen trenek eskualdeko hiriburua den Napoles hiriko metro-sarearen barruan dagoen Piscinola eta Aversa Centro arteko linean emango dute zerbitzua. Gainera, egun berean, esparru-akordio horren baitako lehen kontratua itxi zuten. 6na kotxek osatuko duten lehen 4 trenen hornikuntza jasotzen du kontratuak. Aurretik, Napolesko metroko 1. linearako Comune di Napolik CAFi kontratatu zizkion 19 trenen ezaugarri berberak dituzten unitateak dira.
Bederatzi tranbia gehiago Amsterdam hirirako
Egun, CAF 63 tranbia-unitate egiten ari da GVB Activa BV enpresa publikoarentzat, Amsterdam hiriko garraio-operazioaz arduratzen den enpresarentzat, eta bederatzi tranbia egiteko aukera hautatu du oraingoan, 2016ko irailean hautazko 60 tranbia erosteko aukera eskaini zitzaion arren. Tranbia berriek Amsterdameko sare zabalean zirkulatuko dute.
Aipatu sareak 200 kilometro baino gehiagoko luzera du, eta 16 linea eta 490 geltoki ditu. Garraio sistema horrek egun duen edukiera handitzen lagunduko dute ibilgailu berriek. Unitateak Urbos plataformakoak dira, eta aurrekoen antzeko ezaugarriak izango dituzte. Aspaldiko harremana du CAFek GVB Activa BVrekin; izan ere, 1994. urtean esleitu zioten 37 unitate hornitzeko proiektua. Unitateak Herbehereetako hirian dabiltza ordutik.
Stockholmerako kontratua handitzea
Era berean, CAFek Stockholm hiriburuko garraio-sareaz arduratzen den SL AB (Storstockholms Lokaltrafik) enpresarekin tranbiak hornitzeko proiektuaren beste zabalkuntza bat sinatu du. Kontratuak beste hamar unitateren hornikuntza biltzen du, eta dagoeneko Eskandinaviako hiriburuan zirkulatzen duten CAFen aurreko ibilgailuei gehituko zaizkie.
Stockholm hiriburuak, eskariaren arabera egokituta dagoen garraio-eredu jasangarria garatzeko bere programaren baitan, CAFi esleitu zion 2010. urtearen amaieran 15 tranbia hornitzeko kontratua. Akordioak 121 unitate egiteko aukera jasotzen zuen, eta 27 unitate osagarrirekin osatu dute gero, azken urteotan eskaria handituta.
CAF SIGNALLINGi esleitu dizkiote Adifentzako bi seinaleztapen kontratuak
CAF Taldeak, CAF Signalling filialaren bidez, gero eta presentzia handiagoa du gaur egun Espainiako seinaleztapen sektorean ADIFek duela gutxi esleitu dizkion bi kontratu berriei esker. Guztira 30 milioi euroko kontratua da.
Batetik, CAF Signallingi esleitu diote Asunción Unibertsitateko (Leon) eta Guardoko (Palentzia) geltokien arteko blokeo telefonikoa kentzeko obren kontratua. Lanak gauzatzeko epea 18 hilabetekoa da, eta Leon-Guardo zabalera metrikoko linean egin behar dira.
Egin beharreko lanek Zirkulazioaren Kontrol Zentralizatuko Postutik (CTC) teleaginte bidez erregulatutako blokeo automatikoen egungo sistema ordezkatzeko beharrezko segurtasuneko eta komunikazioetako instalazioen ekipamendua biltzen dute.
Bestalde, CAF Taldeko filiala aukeratu dute Utrera-Fuente de Piedra Bidebanatzeko Lineako Arahal (Sevilla) eta Fuente de Piedra (Malaga) arteko Zirkulazioaren Kontrol Zentralizatuarekin kantoi bakarreko (BLAU) liberazio automatikoko blokeoa eraikitzeko proiektua egingo duen kontratua gauzatzeko. 23 hilabeteko epea izango dute lanak amaitzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa