Ekonomia
Hezkuntza
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan eta pedagogo terapeuten zerbitzuetan murrizketak egiten ari da Eusko Jaurlaritza.
Sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak kezkatuta agertu dira ikasturte bukaera honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila "aldebakarreko erabakiak" hartzen ari delako eta, ondorioz, azkenean, "erantzun irmoa" emango dutela ohartarazi dute.
Ohar batean, bost sindikatuek enegarrenez kritikatu dute Hezkuntza Sailak ez duela haiekin ikasturte berrirako baldintzak adostu nahi, "koronabirusaren pandemiak hainbat beharrizan daudela agerian utzi duen arren".
Alderantziz, azken egunetan datorren ikasturterako "murrizketa gogorrak" egin nahi dituela antzeman dutela esan dute.
Sindikatuen arabera, "Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan taldeak eta lanpostu zerrendak osatzeko zirriborroak iazko berdinak dira, azken hilabete hauetan ezer pasa izan ez balitz bezala".
Horrez gain, "Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako behin-behineko lanpostu zerrendak ikastetxeetara iristen hasi dira eta langile kopuruak gora egin beharrean murrizketak ezartzen ari direla ikusi dugu jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan, pedagogo terapeutetan edota IBTetan (Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegiak)", salatu dute.
"Pandemiaren eraginez, ikasleen behar pedagogiko zein emozionalak inoiz baino larriagoak diren, Hezkuntza Sailak egoera zuzentzeko baliabideak areagotu beharrean, murrizketak inposatu ditu", erantsi dute.
Bestalde, IRALE ikastaroak ere bertan behera utzi nahi dituztela jakinarazi dute, "krisiaren ondorioak euskalduntze planaren eta ordezko langileen kontura ordaintzeko".
Bost sindikatuek berretsi dute koronabirusaren pandemiak agerian utzi duela "lantaldeak indartzea" eta "ikasleen ratioa jaistea" beharrezkoa dela, "baina ematen du datorren ikasturtean ez dutela halakorik egingo".
Horrez gain, Haurreskolak Partzuergoarekiko Hezkuntza Sailak "inolako ardurarik" hartzen ez duela salatu dute. "Negoziazio bileretara ez dira agertu", nabarmendu dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa