14:37

Ekonomia

KORONABIRUSA

EAEk 100 eta 200 milioi artean jasotzeari utz diezaioke COVID-19 funtsetik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pedro Sanchezen Exekutiboak funts hori banatzeko arauei buruzko errege-dekretu bat onartu zuen astearte honetan.

  • Gasteiz

    Gasteiz. Irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

16.000 milioi euroz hornitutako COVID-19 Aparteko Funtsaren banaketak 100 eta 200 milioi euro arteko galera ekar liezaioke EAEri, Nafarroarekin batera laguntza tarteetako bat kentzearen ondorioz.

Pedro Sanchezen Exekutiboak funts hori banatzeko arauei buruzko errege-dekretu bat onartu zuen astearte honetan. Bertan zehazten denez, EAEk 11.000 milioiren banaketan parte hartuko du, baina ez diru-bilketaren jaitsiera berdintzera bideratutako 5.000 milioietan, bere zerga-sistema propioa duelako.

EAE laguntza-tarte horretatik kanpo uztean, Eusko Jaurlaritzak 100 eta 200 milioi euro artean gutxiago jasoko lituzke, Ogasun eta Ekonomia Sailak egindako lehen kalkuluen arabera.

Pedro Sanchezen Gobernuaren "aldebakarreko planteamenduarekiko erabateko desadostasuna" adierazi zuen bezperan Pedro Azpiazuren Sailak, eta Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera eskatu zuen gai horri "bi aldeetatik" heltzeko.

"0tik 10era, 10eko haserrea" duela adierazi du asteazken honetan Iñigo Urkullu lehendakariak, Batzorde Mistoa aurretik deitu ez delako. Gainera, bilera bat eskatu du, ez hainbeste 5.000 milioi horietan parte hartzea eskatzeko, baizik eta "zorpetzeko ahalmena birplanteatzeko eta Euskadiren defizitaren helburua handitzeko, ez-finantzaketa hori eta diru-bilketaren beherakada konpentsatzeko".

Astearte honetan ere, Ministroen Kontseiluak baimena eman zien 2019a superabitarekin amaitu zuten hiru autonomia erkidegoei (EAE, Nafarroa eta Kanariak) funts horiek gastatzeko, koronabirusaren pandemiak eragin dizkien ezohiko gastuei aurre egite aldera. EAEren kasuan, superabita 328 milioi eurokoa izan zen.

Aurreko ekitaldietan ere bazegoen superabita gastatzeko aukera, betiere inbertsio jasangarriak baziren. EAEk 54 milioi erabili zituen 2018an, eta 100 iaz. Hala ere, Gobernuak onartutako neurriak izapideak malgutzen ditu, orain ez baita hain justifikazio zehatza behar, Urkulluren Gobernuko iturriek azaldu dutenez.

Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusten du neurria, defizitera jotzeko beharra murriztuko duelako, dagoeneko badagoen diru bat erabili ahal izango delako, adierazi dute iturri berberek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena