Ekonomia
Laguntzak
Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskatzeko epea, irekita
agentziak | erredakzioa
Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ez dute izapiderik egin beharko; gainerakoek Lanbideren bidez egingo dute EAEn, eta Gizarte Segurantzan, Nafarroan (udazkenean izango du eskumena).
-
Lanbideren bulegoa. Argazkia: Efe
Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskatzeko epea ireki dute astelehen honetan, ekainaren 15ean. Espainiako Gobernuak "pobrezia eta bazterkeria mailak murrizteko" onartu duen dirulaguntza berria da.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ez dute izapiderik egin beharko, eta gainerakoek Lanbideren bidez egin beharko dute eskaria EAEn, eta Gizarte Segurantzaren bulegoetan, Nafarroan (udazkenean jasoko du eskumena).
Lehenengo hiru hilabeteetan onartzen diren eskaerek atzeraeraginez jasoko dute laguntza, ekainaren 1eko datarekin. Epe horren ostean, eskaera egin osteko hilabetean hasiko dira laguntza ematen.
Baldintzak
Gizarte Segurantzaren webgunean dagoen simulazio tresna baten bitartez, dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren jakin daiteke, eta telefono zenbaki bat ere jarri dute martxan (900 20 22 22) galdera zehatzak argitzeko.
Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak errenta bat bermatzen du etxe bakoitzerako, eta aurretik daudenak osatuko ditu (tartean, soldatak). Pertsona bakarreko etxeetarako 5.538koa izango da gutxieneko errenta, eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak kopuru horretara iristeko laguntza emango du.
Eskakizunak
Ekonomikoki egoera ahulean egotea izango da laguntza jasotzeko lehenengo baldintza. Orain arte jaso ahal ziren dirulaguntza eta pentsioetarako eskaerak eginak egon behar dira.
Elkarbizitza unitate bakoitza pertsona baten izenean egongo da, eta 23 eta 65 urte artean izan beharko ditu, adingabeen ardurarik ez dagoen kasuetan, horietan adina ez baita kontuan izango. Laguntza eskatzen duena bakarrik bizi bada, 3 urtez gurasoen laguntzarik gabe bizi dela erakutsi beharko du, eta gutxienez 12 hilabete egon beharko du Gizarte Segurantzan izena emanda.
Eskatzaileak elkarbizitza unitate berean bizi badira, elkarrekin urtebete daramatela erakutsi beharko dute laguntza eskatzeko. Eskatzaile guztiei Espainiako Estatuan urtebete jarraian bizi izana eskatuko diete, genero indarkeriaren edota sexu-esplotazioaren biktimen kasuan izan ezik.
Dirulaguntza jasotzeko, etxeko gehienezko diru-sarrera gutxienekoa baino baxuagoa izan beharko da. Gainera, pertsona bakarreko familia baten kasuan, ondarea urteko gutxieneko errentaren hirukoitza baino txikiagoa izan beharko da (etxebizitza kontuan izan gabe).
Bestalde, aintzat hartuko diren diru-sarrerak aurreko urtekoak izango dira, baina COVID-19aren pandemiak eragindako egoera larriak artatzeko, 2020ko diru-sarrerak ere har daitezke kontuan. Eskatzailea langabezian badago, enplegua eskatzeko zerrendetan egotea eskatuko zaio.