10:58

Ekonomia

Koronabirusa

Etxebizitzen salerosketak % 35,1 murriztu ziren apirilean Euskadin

Agentziak | Erredakzioa

Hala, joan den martxoan alarma-egoera ezarri zenean atzeman zitekeen urtetik urterako beherakada areagotu zen apirilean.

  • Apirilean, etxebizitzen salerosketaren beherakada areagotu zen Euskadin.

    Apirilean, etxebizitzen salerosketaren beherakada areagotu zen Euskadin. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Etxebizitzen salerosketak % 35,1 murriztu ziren Euskadin apirilean, aurreko urteko epe bereko datuekin alderatuta. Izan ere, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako konfinamendua indarrean zegoenean 1.056 etxe salerosi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Gauzak horrela, joan den martxoan alarma-egoera ezarri zenean atzeman zitekeen urtetik urterako beherakada areagotu zen apirilean. Testuinguru horretan, martxoan % 18,9 murriztu ziren etxebizitzen salerosketak, orduan 1.389 salerosketa egin baitziren, apirilean baino 333 gehiago.

Espainiako Estatistika Institutuak ostegun honetan zabaldutako datuen arabera, urte arteko jaitsiera % 39,2koa izan zen Espainian (25.042 salerosketa), 11 urtean izandako murrizketarik nabarmenena. Martxoko datuekin alderatuta, % 28,1ekoa izan zen jaitsiera.

Apirilean, autonomia erkidego guztiek izan zituzten urteko tasa negatiboak etxebizitzen salerosketa-kopuruan, iazko hilabete berarekin alderatuta. Horrek, COVID-19ak higiezinen merkatuan izandako eragina erakusten du.

Ildo horretatik, murrizketa txikienak Errioxan (% 20,8 gutxiago), Kantabrian (% 25) eta Balear Uharteetan (% 27,8) izan ziren, eta, beherakada handienak, berriz, Nafarroan (% 66,8), Extremaduran (% 65,7) eta Kanarietan (% 60,8).

Guztira, apirilean, 3643 finka eskualdatu ziren EAEn, duela urtebete baino % 43,9 gutxiago. Horietatik, 391 landan eraikitakoak ziren eta 3.252 hirikoak; horietatik 1.673 etxebizitzak ziren, 76 orubeak eta 1.503 beste hiri-finka mota batzuk ziren, hala nola garajeak, bulegoak eta trastelekuak.

Eskualdatutako 1.673 etxebizitza horietatik, 1.056 salerosi ziren, 326 herentziak izan ziren, 23 dohaintzak, 3 trukeak eta 265 bestelako eskualdatzeak.

Apirilean Euskadin saldutako etxebizitza gehienak, 922, libreak izan ziren, eta 134 babes ofizialekoak. Antzinatasunari dagokionez, 854 erabiliak ziren eta 202 berriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena