16:27

Ekonomia

EAE

Eusko Jaurlaritzak ibilgailu berriak erosteko laguntzak bikoiztu ditu

agentziak | Erredakzioa

Beste berrikuntzetako bat da Renove Planean 0 kilometroko ibilgailuen erosketa sartzen dela, eta ibilgailu berrien baldintza berberetan emango dela dirulaguntza.

  • Ibilgailuak

    Ibilgailuak. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bikoiztu egin du, hamar milioi eurora arte, ibilgailu berriak erosteko aurten indarrean zegoen Renove Planera bideratutako dirua, eta laguntzen zenbatekoak igoko ditu autoen kategoria jakin batzuetan.

Maiatzaren 27an, Euskadiko Mahai Sozioekonomikoaren laugarren bileran, Iñigo Urkullu lehendakariak 5 milioi euro gehiago iragarri zituen ibilgailuen Renove Plana indarrean jartzeko.

Hasiera batean, programa horrek 5 milioi euroko zuzkidura zuen, eta antzeko kopurua du orain, ibilgailu berriak erosteko laguntzak emateko, hamar urtetik gorako modeloak zirkulaziotik kentzearen truke.

Beste berrikuntzetako bat da programa honetan 0 kilometroko ibilgailuak erosteko aukera sartzen dela. Ibilgailu berrien baldintza berberetan eman ahalko da dirulaguntza, baldin eta lehen matrikulaziokoak badira, emakidadun baten jabetzakoak, inolako dirulaguntzarik jaso ez badute eta 100 kilometro baino gutxiago badituzte.

Gainera, laguntza 2020ko urtarrilaren 30era arteko atzeraeraginarekin aplikatuko da, hau da, programa honen barruan data horretatik aurrera egindako eragiketetan.

Eskabideak aurkezteko epea aurrekontua agortzen denean amaituko da, eta, hori gertatzen ez bada, aurtengo urriaren 31n.

Ibilgailu arinentzako, hibrido entxufagarrientzako edo elektrikoentzako dirulaguntzak 2.500 eurokoak izango dira, eta entxufatu ezin diren hibrido arinentzako dirulaguntzak, berriz, 2.250 eurokoak (1.500 eurokoak izan dira aurrekoetan).

Gas naturaleko ibilgailu arinek 2.000 euroko laguntzak jasoko dituzte, orain arte aurreikusitakoak baino 1.000 euro gehiago; hidrogenozko ibilgailuek, berriz, 3.000 euro gehiago jasoko dituzte, hau da, elektrizitate hutsarekin dabiltzanek baino gehiago.

PGL ibilgailu arinentzako kopurua 1.000tik 2.000ra igotzen da, M1 kategoriako gasolina- edo gasolio-ibilgailu arinen eta N1 motako furgoneten kasuan bezalaxe.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena