10:46

Ekonomia

Koronabirusa

Gipuzkoak aurreikusitakoa baino % 25 gutxiago jaso du zergen bidez lehen lauhilekoan

Euskadi Irratia | Erredakzioa

Hego Euskal Herriko foru ogasunek zerga bidez bilduko duten dirua % 20 inguru murriztea aurreikusten dute. Gipuzkoan, errenta-aitorpena aurrez aurre egiten hasi dira gaur.

  • Errenta-aitorpena egiten ari diren pertsonak.

    Errenta-aitorpena egiten ari diren pertsonak. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gipuzkoako Foru Ogasunak aurreikusitakoa baino % 25 gutxiago bildu du zerga bidez 2020ko lehen lauhilekoan, eta Araban espero baino % 12,5 gutxiago bildu dute apirilera arte, Euskadi Irratiak asteazken honetan aurreratu duenez. Horren aurrean, Hego Euskal Herriko foru ogasunek zerga bidez bilduko duten dirua % 20 inguru murriztea aurreikusi dute.

Testuinguru horretan, 2019ko errenta-aitorpenak aurrez aurre egiteko aukera emango du gaurtik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak bere bulegoetan, baina jende pilaketak saihesteko asmoz, hitzordu gutxiago emango dira, eta prozedura bakoitzeko pertsona bat bakarrik joan beharko da.

Ildo horretatik, prozedura aurrez aurre egitea erabakitzen dutenentzat, Foru Ogasunaren bulegoetara joan aurretik hitzordua eskatu behar dutela gogorarazi du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Ahal den kasuetan, baina, zergadunek errenta-aitorpenak modu telematikoan tramitatzeko eskatu du.

Zehazki, Foru Aldundiak Donostian, Azpeitian, Beasainen, Bergaran, Eibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen eta Tolosan dituen bulegoetan egin daitezke errenta-aitorpenak, uztailaren 29ra arte. Bulego horietara joan aurretik, zergadunek hitzordua eskatu behar dute 943 11 30 00 telefonoan edo Gipuzkoako Aldundiaren webgunean.

Horrez gain, herritarren arretarako bulegoak irekiko ditu gaur ere Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Okendo kalean dagoena izan ezik. Horietan guztietan, ordu erdi aurreratu dute irekitzeko ohiko ordutegia; beraz, gaurtik aurrera 08:00etatik 14:00etara izango dira zabalik, astelehenetik ostiralera, lanegunetan.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak irailera arte atzeratu du errenta-aitorpenak foru bulegoetan aurrez aurre egiteko aukera. Izan ere, iaz baino ia 71 milioi euro gutxiago bildu dira lurraldean 2020ko lehen lauhilekoan.

Bizkaian, berriz, errenta-aitorpenak egiteko zerbitzu berria jarri dute martxan, eta telefonoz edo Internet bidez egiteko aukera dago jada. Dena dela, aurrez aurreko zerbitzua bertan behera utzi dute behin-behinean, harik eta finantza-erakunde laguntzaileetan aitorpenak egiteko zerbitzua hasteko moduan izan arte.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak iragarri duenez, zerga-bilketa "% 20 edo 22 inguru jaitsiko da aurten", pandemia dela eta. Apirilari dagokionez, Iruarrizagak esan du gaur bere taldearekin bilera telematikoa egingo duela datua zehazteko, baina aurreko hilabetean zerga-bilketan izandako jaitsiera "% 13, 14 edo 15ekoa" izan daitekeela aurreratu du.

Urtarrileko eta otsaileko datuak "onak izan ziren", eta martxokoa "pilatutako atzerapenengatik" jaitsi zen, Ogasun diputatuak azaldu duenez. "Datu esanguratsua maiatzekoa izango da; izan ere, apirilekoak martxoko diru-sarrerak islatzen ditu". Martxoan, alarma-egoera bi astez egon zen indarrean, eta hurrengo hilabetean, berriz, egun guztietan.

Bestalde, Bizkaia Aurrera programaren baitan neurri-sorta bat prestatzen ari direla esan du, sail ezberdinen ekarpenak barne hartzen dituena, "epe laburrean" enpresek eta autonomoek "lanean jarraitu ahal izateko".

Nafarroako Foru Ogasunak uztailaren 20an amaituko du errentaren kanpaina. Aurtengo kanpainaren berrikuntza nagusia bide telematiko eta telefono bidezko arreta pertsonalizatuaren aldeko apustua da, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak sortutako egoeraren ondorioz.

Foru Erkidegoan, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak Ogasunaren diru-bilketan % 20,2ko beherakada eragin dezake; alegia, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako diru-sarrerak baino 818 milioi euro gutxiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena