Ekonomia
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
EAJ-PSEren gobernuak Foru Dekretu bat onartu du, Udalek finantzatzen duten funtsa % 20 murriztuko dela ezartzen duena.
Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Argazkia: EFE.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) % 20 murriztea erabaki du, COVID-19aren pandemiak diru-bilketan eragingo duen beherakada dela eta; 2019koarekin alderatuta, % 20 eta % 25 bitarteko beherakada izango dela aurreikusi dute.
Eider Mendoza foru-bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, EAJ-PSEren gobernuak astearte honetan onartu du Foru Dekretua, Udalak finantzatzeko funtsean % 20ko murrizketa ezartzeko.
Gipuzkoako Ogasunak iaz baino 1.000 milioi euro gutxiago bilduko dituela aurreikusi du; beraz, jaitsiera horrek "maila administratibo guztien finantzaketa higatuko du", udalena barne.
Finantzen Euskal Kontseiluak Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa 536 milioi eurorekin hornitzea zehaztu zuen udazkenean, eta kopuru hori 429 milioi eurotan geratuko da.
Otsailean, 11 milioi euroko aparteko partida jaso zuten iaz udalek funts horren likidazio positiboagatik, baina egoera aldatu egin da koronabirusaren ondorioz, eta, beraz, gainerako hiru ordainketei jada aplikatuko zaie % 20ko murrizketa eta ordaindutakoaren kopuru proportzionala.
"Ez luke inolako zentzurik izango 2021eko otsailean udalek Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren % 20 edo % 25 itzuli behar izatea, hau da, 100 milioi euro baino gehiago", adierazi du bozeramaileak.
Mendozak azaldu du udal ordezkariak izan zirela Aldundiak diru-bilketaren inguruan egindako aurreikuspenak ezagutu dituzten lehenengoak, eta iragarri du ostiral honetan ezohiko Finantzen Lurralde Kontseilua egingo duela, udalek horren inguruan dituzten "zalantzak eta kezkak" argitzeko.
Gaur onartutako foru-arau horretan, udal-erakundeentzat beste bi neurri gehigarri onartu dira, COVID-19ko krisiarekin lotuta.
Alde batetik, kreditu gehigarriak onartzeko prozesua sinplifikatu eta arindu egin da; beraz, udalek ahalmen handiagoa izango dute berehala neurriak hartzeko, eta, beste alde batetik, aukera ematen zaie osasun-krisiak bereziki kolpatutako kolektiboei zuzendutako ezohiko laguntzetara bideratutako hobari fiskalak hartzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa