09:55

Ekonomia

Koronabirusa

Tabernetako terrazak eta denda txikiak maiatzaren 11n irekiko dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Segurtasun neurriak errespetatuz egingo dute, eta, Espainiako Gobernuak hasieran baimendutako aforoa handitu eta gero, terrazen % 50 ireki ahalko da.

  • Dendak, segurtasun neurri handiekin, maiatzaren 11n irekiko dituzte.

    Dendak, segurtasun neurri handiekin, maiatzaren 11n irekiko dituzte. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Tabernetako terrazak eta txikizkako merkataritzako lokalak maiatzaren 11n irekiko dituzte, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak joan den astean iragarri zuenez, Gobernuak lau fasetan banatu duen "normaltasun berrirako" trantsizio-planaren arabera.

Espainiako Aldizkari Ofizialean, bost agindu argitaratu zituzten atzo, igandearekin, deseskalatzearen 0 eta, hainbat kasutan, 1 faseei begira ostalaritza, saltokiak, zerbitzuak, mugikortasuna eta muga sozialak arautzeko.

Espainiako Gobernuak, adibidez, 1 fasetik aurrera tabernako terrazen okupazio maila % 30etik % 50era handitzea erabaki du, eta hamar pertsonara arteko bilerak baimenduko ditu, baita malgutasun handiagoa beilatoki, hileta eta erlijio ospakizunetan ere.

Eramateko janaria, jatetxeetan

0 fasean, maiatzaren 4tik aurrera, jatetxeetan janaria jaso eta etxera eraman ahal izango da, lokaletan kontsumitu gabe.

Maiatzaren 11n, 1 fasean, ostalaritza irekiko da, eremu komunak baztertuz eta murrizketa jakin batzuekin (lokaletako terrazak irekiko dituzte, % 50eko okupazioarekin), eta hamar lagunera arteko bilerak baimenduko dituzte, baita malgutasun handiagoa beilatoki, hileta eta erlijio ospakizunetan ere.

"Tarteko" faserako, markatzaileak betetzen badira, lokalen barne-espazioa irekitzea aurreikusten da, edukieraren heren batekin eta mahaien zerbitzurako bakarrik. Horrela, bada, ezingo da barra zerbitzua erabili.

2 fasean, edukiera murrizketak leunduko dira, baina "baldintza zorrotzak" izango dira bezeroen arteko urruntzeari dagokionez.

Saltokiak, maiatzaren 11tik aurrera irekita

Merkataritzari dagokionez, maiatzaren 11n hasiko da jarduera, 1 fasean, txikizkako merkataritza irekitzeko aukera emango denean, "segurtasun baldintza zorrotzekin": 400 metro koadrora arteko establezimendu eta lokalak ireki ahalko dira, bezeroak hitzordua aurretiaz hartuta sartu ahalko dira eta garbitasun neurri oso zorrotzak gordeta.

Hori bai, ezingo dituzte oraindik ireki aglomerazioak ohikoagoak diren zentro edo merkataritza parke handiak. 65 urtetik gorako pertsonek lehentasunezko ordutegia izango dute fase honetan.

Ekainaren erdialderako aurreikusita dagoen 3 faserako, merkataritza eremuan edukiera % 50era mugatuko da, eta bi metroko gutxieneko distantzia ezarriko da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena