Itxi

Ekonomia

Koronabirusa

Europar Batasunak Marshall Plan bat behar du, "berehala", Von der Leyenen ustez

Agentziak | Erredakzioa

"Europako aurrekontuaren indarra erabiliko dugu koronabirusaren ostean Merkatu Bakarra berreraikitzeko behar dugun inbertsio erraldoia bultzatzeko", esan du.

  • Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko preidentea

    Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko preidentea. Argazkia: Efe.

Koronabirusaren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko Europar Batasunak 'Marshal Plan' bat "berehala" behar duela defendatu du ostegun honetan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Honen harian, datozen zazpi urtetarako aurrekontua da, Von der Leyenen iritziz, premia horri erantzuteko dagoen "tresna bakarra". Aurrekontua negoziatzeke dago oraindik.

"Europako aurrekontua izango da errekuperazioaren bandera-ontzia eta horregatik datozen zazpi urteetakoa ezberdina izan behar du", ohartarazi du politikari alemaniarrak Europako Parlamentuan egindako ez ohiko bileran.

Europako gobernuko arduradun nagusia Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin ari da aurrekontuaren zirriborro berria prentsatzen, 2021-2027 eperako. Aurrekontu horrekin pandemiak eragindako krisia gainditzea da helburua. Aurreikuspenen arabera, Europako agintariek aurrekontu hori eztabaidatuko dute datorren ostegunean egingo duten gailur telematikoan.

"Europako aurrekontuaren indarra erabiliko dugu koronabirusaren ostean Merkatu Bakarra berreraikitzeko behar dugun inbertsio erraldoia bultzatzeko", esan du Von der Leyenek eurodiputatuen aurrean. Ondoren, ahalegina hasieran egitea eskatu du, lehen urteetako inbertsioei bultzada emateko.

"Krisi ezberdina"

Von der Leyenek azpimarratu egin du krisi hau "ezberdina dela, besteekin alderatuta" "bideragarriak diren enpresei" ere eragiten dielako. Horren aurrean, konponbide “berriztatzaileak” aplikatzearen alde egin du inbertsio publiko eta pribatu “erraldoiak” desblokeatzeko palanka gisa erabiltzeko.

Emaitza, azaldu duenez, “erresilentzian, ekologian eta digitalizazioan” oinarritutako Europa izango da, industria eta ekonomia babesten dituena, eta “errealitate berri” bati erantzuteko prest egongo dena, Itun Berdea eta Agenda Digitala albo batera utzi barik.

Zatiketak atzean utzi

"Mundu berri honetan, Europak bateratuta jarraitu beharko du, oztopoak oztopo", esan du presidenteak. Horrekin lotuta, Estatu kideei "antzinako zatiketak, eztabaidak eta aurpegiratzeak" atzean uzteko eskatu die. "Jarrera immobilistak atzean uzteko garaia da", gaineratu du.

Gainera, Von der Leyenek Estatu kideek Italian lehen kasuak agertu zirenean eta pandemia Europara iritsi zela ikusi zenean erakutsitako koordinazio eta elkartasun falta kritikatu ditu.