Ekonomia
Koronabirusa
Jaurlaritzak jarduera berrekiteko prestatu duen gida ez da nahikoa sindikatuentzat
Agentziak | Erredakzioa
Gida horrek "gabezia larriak" dituela salatu dute ELAk eta LABek, langileen osasuna "bigarren mailan" uzten duela iritzita. Hala, osasuna arriskuan jartzen duten enpresak ixteko eskatu dute.
-
Langile bat, butano-bonbonak banatzen. Argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lantokietan jarduera modu seguruan berrekiteko jarduera-gida prestatu du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak, eta gizarte eragileei zein enpresei igorri die jada, langileen osasuna zaintzeko asmoz.
Zehazki, lantokiak berriz martxan jartzeko prozesuan laguntza ematea da gida horren helburua. Horrez gain, Osalaneko, Lan Agintaritzako eta Lan Ikuskaritzako zerbitzuak egunotan sor daitezkeen desadostasunak azkar konpontzeko prest daudela gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak.
Ildo horretatik, Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak eskerrak eman dizkie Confebaski eta EAEn ordezkari gehien dituzten sindikatuei (ELA, LAB, CCOO eta UGT), Euskadiko lantokiak modu seguruan berrabiarazi eta jarduteko gidan egindako ekarpenengatik.
San Josek azpimarratu duenez, "COVID-19 gaitzaren aurrean, lan-jarduerara langileen osasunerako berme guztiekin itzultzea da gida horren helburua".
Alabaina, ELAk eta LABek gida horrek "gabezia larriak" dituela salatu dute eta langileen osasuna "bigarren mailan" uzten duela. Hala, asteartetik aurrera bere langileen osasuna arriskuan jartzen duten enpresen jarduera bertan behera uzteko "konpromisoa" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
LABek prebentzio egitasmorik ez duen enpresarik ez irekitzeko eskatu du; izan ere, sindikatuak salatu du enpresa askotan ez dagoela halakorik, nahiz eta berriro lanean hasteko beharrezkoa izan.
"Ez badago planik, jarduera eteten saiatuko gara", ohartrazi du Garbiñe Aranburu LABen idazkari nagusiak.
Aranburuk azpimarratu du lanera itzultzeak "kezka" sortzen duela, eta erakundeei eta patronalari leporatu die "kapital handiaren interesak" direla helburu nagusia, "ez langileen osasuna".
Horren harira, LABek kritikatu du Eusko Jaurlaritzak jarduerari berriro ekiteko egin duen egitasmoak ez duela aurreikusten prebentzio neurriak sindikatuekin adostea.
"Goizegi da berriro jarduerari ekiteko”, esan du, eta "arduragabe" jo ditu gobernuak eta patronalak "pertsonen osasunarekin jolasteagatik eta konfinamendua luzatzeagatik, beste agerraldi bat egotekotan".
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak ere plantorako deia egin die segurtasun neurriak betetzen ez dituzten enpresetako langileei: "Arriskua dagoenean jarduera gelditzen saiatu behar gara".
Confebaskek "osasuna lehentasun gisa ez jartzeko" egin duen indarra ere salatu du, eta "txantxa"tzat hartu du CCOOk elkarrizketarako mahaia deitzea koronabirusaren egoera aztertzeko.
Lakuntzak uste du EAEn "desfase interesatua" egon dela Eusko Jaurlaritzaren eta Confebasken aldetik "konfinamendu sozialaren eta enpresei ematen zaien malgutasunaren artean". ELAren buruzagiak azpimarratu du irekitako enpresak "arrisku guneak" direla.
ELAk proposamen bat egin zuem lanera itzultzeko ezarri beharreko protokoloari begira, baina Jaurlaritzak kasu horretan ere “aldebakarrez” jokatu izana salatu du Lakuntzak.
COVID-19 gaitzak sortutako pandemiari aurre egin nahian, Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak eten eta lantokiak ixteko erabakia hartu zuen, alarma-egoera indarrean sartu zenetik ezarri dituen beste ezohiko eta premiazko neurri batzuekin batera. Testuinguru horretan, lan-jarduera modu mailakatuan berrabiarazteak jarduera horretara modu ordenatuan eta seguruan itzuli ahal izateko beharrezko neurriak hartzera behartzen du Administrazio Publikoa.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak uste du ezinbestekoa dela zerikusia duten alde guztien ekarpena, inplikazioa eta konpromisoa izatea, eta elkarlanean aritzeko deia egin die gizarte-eragileei, enpresei, prebentzio-zerbitzuei, erakunde eta administrazio-zerbitzuei, hala nola Osalan, Lan Agintaritza edo Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari.
Gida horrek jasotzen duenez, jarduera-protokoloak osasun-irizpideen arabera eguneratuta izan beharko ditu Osalanek, eta jarduera-sektore bakoitzerako jarraibide gisa balioko duten tresnak bilatuko ditu. Gainera, prebentzio-zerbitzuetarako gomendio zehatzak emango ditu.
Bestalde, jarduerari berrekin nahi dion enpresa bakoitzeko prebentzio-zerbitzua ahalik eta azkarren jarriko da kontaktuan enpresa horren arduradunekin, jarduera "modu seguruan" hasten denean langileen osasuna zaintzeko jarduera-protokolo bat prest izateko.
Horrez gain enpresekin lankidetzan aritu beharko dute kontingentzia-planak egiten, ezartzen, aplikatzen eta haien jarraipena egiten. Plan horietan, koronabirusaren aurrean lana behar diren segurtasun- eta osasun-bermeekin egiteko prebentzio-neurri nahikoak eta egokiak jaso eta zehaztuko dira, osasun-agintariek eta Osalanek emandako jarraibideak eta gomendioak betez.
Bestalde, enpresek langileen ordezkariei idatziz edo beste edozein bide telematikoren bidez jakinaraziko diete lantoki bat berriro irekitzeko asmoa dutela, gutxienez 48 ordu lehenago.
Prebentzio-neurrien plana egin edo, hala badagokio, ezarri beharko dute, Prebentzio Zerbitzuarekin lankidetzan. Beste zeregin bat da jarduera abiarazteko gida horren berri ematea, eta laneko segurtasun eta osasun batzordeen kontsultaren eta akordioaren mende jartzea, prebentzio-ordezkarien parte-hartzearekin, betiere prebentzio-zerbitzuaren aholkularitzarekin.
Langileen legezko ordezkaritzarik ez duten enpresetan, prebentzio-delegaturik ez dagoenean eta laneko segurtasun eta osasun batzordeak eratu ez direnean, enpresa horren produkzio-sektoreko sindikatu nagusiekin egin beharko da abiarazte-gidari buruzko kontsulta. Azkenik, jarduera abiarazteko gida hori prebentzio-zerbitzuaren laguntzarekin ezarriko dute.