08:46

Ekonomia

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak egun bat luzatu du jarduera batzuk gelditzeko epea

Agentziak | Erredakzioa

Astelehenean, martxoak 30, lantokira joan ahal izango da, jarduera eteteko egin beharrekoak egitera soilik.

  • Langile bat, Bilboko kaleetan

    Lanen etenaldia eraikuntza sektorera ere iritsiko da. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak lantokira joateko baimena emango die astelehenean, martxoak 30, langile batzuei, nahiz eta ordaindutako baimena izan, dagokien jarduera behar bezala eteteko egin beharrekoak egin ditzaten.

Koronabirusaren pandemiaren aurrean jarduera gehiago mugatze aldera gauerdia jotzeko gutxi falta zela Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako errege lege-dekretuaren arabera, “jarduera berehala gelditzea ezinezkoa den kasuetan” langileak lanera joan ahalko dira, zerbitzua ematera, martxoaren 30ean.

Halaber, testuan jasotzen da ordaindutako baimen berreskuragarria aplikatu behar duten enpresek, beharrezkoa izatekotan, langileen gutxieneko bat edo ezinbesteko lan txandak ezar ditzaketela, ezinbesteko jarduerari euste aldera.

"Jarduera hori edo langilearen gutxiengoa zein lan txandak ezartzeko erreferentzia ohiko asteburuak edo jaiegunak izango dira", ministroen kontseilua egin eta gero Espainiako Gobernuak agerraldia egin eta zortzi ordutara argitaratutako araudiak jasotzen duenez.

Zein dira oinarrizkotzat hartutako jarduerak? Ikusi zerrenda osoa.

Halaber, baimena zerbitzu baten erdian daudela hartu beharko luketen garraiolariei agindu diete zerbitzu hori bukatutakoan hastea, "hala badagokio, itzulera bidaia zerbitzutzat hartzen delarik".

Langile publikoei dagokienez, errege lege-dekretuak ezartzen du administrazio bakoitzak arautu behar duela funtzionarioek zer zerbitzu eskainiko dituzten oinarrizkoak direnei eusteko, baina ez du horiek zein diren aletzen.

Justizia arloan, alarma egoerak bertan behera utzi ez dituen auzibideetarako beharrezkoak diren epaile, fiskal, legelari eta bestelako langileen jarduera mantendu egingo da, baita erregistro zibila martxan egon dadin behar direnena ere.

Baimenetik kanpo gelditzen dira sektore publikoarentzat obra, zerbitzu eta hornikuntzak egiteko lanak esleituta dituzten enpresak, horiek ezinbestekoak badira eraikinen mantentze eta segurtasunerako edo zerbitzua eman ahal izateko.

Ordaindutako baimen berreskuragarria martxoaren 30etik, astelehena, apirilaren 9ra arte, osteguna, egongo da indarrean.

Nola berreskuratuko dira ordaindutako baimenaren orduak? Hemen dago azalpena.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena