Ekonomia
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Ez datoz bat oinarrizko ikuspegiarekin: neurri ekonomiko posible guztiak berehala ezartzea edo krisialdi honen ondorioak zehatz-mehatz ezagutu arte itxarotea, ondorengo susperraldian ezartzeko.
Brusela. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Europar Batasuneko (EB) estatuburu eta gobernuburuek bideokonferentzia bidezko goi-bilera egingo dute ostegun honetan, euren arteko desadostasunak alde batera utzita, koronabirusaren eragina arintzeko eman behar den erantzun ekonomiko bateratua adosten saiatzeko. Testuinguru horretan, iparraldeko herrialdeek, hegoaldeko hiriburuek proposatzen dituzten asmo handiko neurriak blokeatu nahi dituzte.
Europako buruzagien goi-bilerak ikuspegi askotatik helduko dio COVID-19 gaitzak eragindako krisiari, baina arlo ekonomikoa da hiriburuen arteko desadostasun sakonak sortzen jarraitzen dituena. Iturri diplomatikoek izendatzen dituzten "bi pentsamendu-eskolak" aurrez aurre izango dira, ez datozelako bat oinarrizko ikuspegiarekin: neurri ekonomiko posible guztiak berehala ezartzea edo krisialdi honen ondorioak zehatz-mehatz ezagutu arte itxarotea, ondorengo susperraldian ezartzeko.
Euroguneko Finantza ministroek osatutako Eurotaldearen ezohiko bi bileratan ez dute aurrerapauso nabarmenik lortu. Espainiak, Frantziak, Italiak eta beste herrialde batzuek Europaren zorra (eurobonuak) elkarrekin jaulkitzearen alde egiten dute, koronabirusaren aurka finantzazioa bermatzeko, baina Herbehereak, Alemania, Austria eta Finlandia, besteak beste, aukera horren kontra agertu dira.
Dena dela, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz funtsak eskatu nahi dituzten Europako herrialdeei euroguneko erreskate funtsaren bidez (Europako Egonkortasun Mekanismoa) finantzaketa-lerro espezifikoa emateko aukeraren alde agertu dira EBko Ekonomia eta Finantza ministroak. Mario Centeno Eurotaldeko presidenteak azaldu duenez, herrialdeek euren BPGaren % 2rainoko funtsak jaso ahal izango lituzkete, oraindik zehazteke dauden baldintzetan. Ezaugarri horien inguruan "babes zabala" badago ere, laguntza horien inguruko xehetasunak adosteko lanean jarraitu behar dute.
Arlo ekonomikotik haratago, EBrentzat funtsezkoak diren beste arlo batzuetan koronabirusak eragindako pandemiaren aurrean erantzun bateratua adosteko konpromisoa hartu dute estatu kideek, hala nola beren mugen gaineko murrizketetan, oinarrizko salgaien gabezia saihesteko baimendutako joan-etorrietan eta osasun arloko kudeaketan.
Aurreko astean, EBko kanpo-muga aldi baterako ixtea adostu zuten Europako buruzagiek, blokea COVID-19 gaitzaren hedapenetik babesteko ahaleginean. Horrez gain, prebentzio-neurriak direla eta, beste herrialde batzuetan harrapatutako europarrei etxera bueltatzen laguntzeko ahaleginak koordinatzea erabaki zuen Bruselak.
Dena dela, neurri horrek ez du galarazi dozena bat estatuk, Espainia kasu, barne-mugak ixtea, EBk neurri hori ez hartzeko eskatu arren behin eta berriz. Mugako kontrola indartzeak ere zaildu egin du salgaien joan-etorria, eta, horrekin batera, gaixotasunari aurre egiteko ezinbestekoak diren produktu eta sendagaiak helmugara azkar iristea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa