Itxi

Ekonomia

KORONABIRUSA

EAEk 13,3 milioi jasoko ditu Espainiako Gobernutik gizarte zerbitzuak indartzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

300 milioi euroko funtsa erkidegoen artean banatu dute irizpide desberdinen arabera, herritar kopurua, esaterako.

  • Bilbo

    Bilbo. Irudia: EFE

EAEk 13,3 milioi euro jasoko ditu Gobernu zentralaren funtsetik, koronabirusaren krisia dela eta ahulenak direnen arretan gizarte zerbitzuak indartzeko; hala nola, adinekoak, mendekotasuna dutenak, etxerik gabeko pertsonak edo guraso bakarreko familiak, besteak beste.

Maria Jesus Montero bozeramaileak Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean gogorarazi duenez, 300 milioi euroko funtsa erkidegoen artean banatu dute irizpide desberdinen arabera, herritar kopurua, esaterako.

Autonomiek jasotako dirua gizarte zerbitzuetan lan kontratazioak egitera, etxez etxeko laguntzarako hurbileko zerbitzuak indartzera, adinekoen jarraipena egiteko etxez etxeko telelaguntza gailuak handitzera edo errehabilitazioa bezalako zerbitzuak etxez etxe eramatera ere bideratu daiteke.

Adinekoen egoitza zentroetako langile kopurua zabaltzera ere bideratu daiteke, baita "koronabirusaren ondorioz pertsona ahulak artatzeko autonomia erkidegoek premiazkotzat jotzen duten edozein politikatara".