12:16

Ekonomia

Koronabirusa

LABek oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko guztia etetea eskatu du

agentziak | erredakzioa

"EAEko eta Nafarroako gobernuak patronalaren zerbitzura" daudela eta "osasuna zaintzeaz arduratzen direnak baztertu" egin dituztela salatu du sindikatuak.

  • Industriako langilea. Argazkia: EiTB

    Industriako langilea. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

LAB sindikatuak osasun krisi egoera honetan lanera joan direnen osasuna arriskuan jartzea egotzi die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta "oinarrizko zerbitzua ez den jarduera ekonomikoa gelditzea" eskatu du, beharrezko zerbitzua eskaintzen ari direnentzat "segurtasun osoz lan egin dezaten beharrezko prebentzio neurriak" exijitzeaz gain.

Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak 'streaming'ez emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, "eredugarria" da euskal herritarren jokabidea, krisiaren aurrean eskatutako "ardura pertsonala esfortzuarekin" egiten ari direlako, baina Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta patronalak "erabateko arduragabekeriaz" jokatzen ari dira, "osasuna lehenetsi beharrean, jarduera ekonomikoa" lehenesten dutelako.

Horren harira, "edozein herritar kutsatzeko arriskuan" jartzen ari direla kritikatu du, eta galdetu du ea "zertarako balio duen jai egunetan etxean egotea, gero lanera joan eta familiak kutsatzeko arriskua badago".

Hori horrela, industria sektoreko langileen "kezka" azalerazi du LABen ordezkariak, eta gaineratu duenez, patronalari "langileen osasuna eta herritarrena ez zaio axola, eta helburu bakarra aberastasuna eta etekina dira". "Gobernuak patronalaren aginduetara daude, eta mekanismo guztiak jarri dituzte martxan industria jarduerak aurrera jarrai dezan", berretsi du.

Horren esanetan, horrela bakarrik uler daiteke Sidenor, Tubacex edo Mercedesek "prebentzio neurriak bete gabe langileak lan egitera behartzea". "Salaketa asko aurkeztu ditugu, baina langileak kutsatzera bidaltzeko erabakiari eusten diote gobernuek", adierazi du.

Bestalde, "oinarrizko" zerbitzua ematen ari diren langileek ere ez dituztela "beharrezko prebentzio baliabideak, ez metro eta erdiko distantzia, ez maskarillarik, ez xaboirik" salatu du. "Osasunaz ari gara, etxeko laguntzaz, zahar etxeetako langileez, anbulantzietako langileez, garraiolariez eta beste langile askoz", azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuakAlbiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena