Ekonomia
Koronabirusagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Prebentziozko neurri" gisa, zortzi egunez itxiko ditu Estatu osoko lantegiak Michelinek. Volkswagenek, berriz, jarduerari berriro ekiteko data zehatzik gabe itxi du.
Volkswagen Nafarroako lantegia, Landabenen. Argazkia: EITB
Nafarroako Volkswagenek Landabengo lantegiaren jarduera bertan behera utzi du koronabirusagatik, berriro jarduerari ekiteko data zehatzik jarri gabe. Gainera, lanera ez joateko eskatu die langileei.
Erabakia arlo sozialarekin batera hartu du enpresak igandean, 20:30ean, egoera aztertu ostean. Bi aldeak astelehenean, martxoaren 16an, bilduko dira berriro. Jarduera industriala bertan behera uzteko erabakia koronabirusaren pandemiaren eraginez eta alarma egoera indarrean sartu ostean hartu da.
Zentzu horretan, langileen osasuna bermatu ezin delako hartu dute erabakia, baita osasun agintariek zehazten dituzten babes-neurriak gero eta gogorragoak direlako. Martxoaren 15ean, igandean, 20:00etako txandan langileen artean zeuden hutsuneak direla-eta, instalazioak martxan izatea eragozten duela gaineratu behar zaio horri guztiari.
Landaben lantegiko zuzendaritzak iragarri duenez, egoera berriak eskatzen duen lana betetzeko beharrezkoak diren langileei banan-banan deituko zaie. Guztira, bost mila langile ditu Volkswagenek Nafarroako instalazioetan.
Enpresa Batzordeak (UGT, CCOO, ELA, LAB, Cuadros eta CGT) igande goizean salatu du lantegia asteburuan zabaldu izana, eta produkzioa gelditzeko eskatu du. "Enpresak erantzun gabe jarraitu du, sintoma argiak dituzten langileak enpresan bertan isolatuta egon direnean, eta asteburuko produkzioarekin jarraitu du", salatu du batzordeak. Azkenean, zuzendaritzarekin batzartu dira eta jarduera industriala bertan behera uztea erabaki dute.
Michelin
Espainiako Estatuko lantegi guztiak itxiko ditu Michelinek ere, zortzi egunez, "prebentziozko neurri" gisa, langileen eta euren familien osasuna bermatzeko eta koronabirusaren hedapena geldiarazten laguntzeko.
Enpresak jakinarazi duenez, astelehen honetatik aurrera itxita egongo dira Lasarte, Gasteiz, Aranda de Duero, Valladolid eta Almeria udalerrietako lantegiak. Guztira, 7.500 langile ditu Michelinek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa