Ekonomia
Hipotekak
Agentziak | Erredakzioak
Luxenburgon egoitza duen Auzitegiak arrazoia eman die kontsumitzaileei. Bankuek 44.000 milioi euro arteko fakturari aurre egin beharko liokete.
Informazio gehiago (1)
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak arrazoia eman die astearte honetan Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizean (HMEI) hipotekak dituzten kontsumitzaileei; izan ere, Espainiako epaileek kontrolatu egin behar dute abusuz merkaturatu ote ziren, eta horrek aukera emango luke kaltetuei konpentsazioa eskatzeko, hala badagokio.
Epaiak arrazoia eman die, horrenbestez, kontsumitzaileei, eta zartakoa da Espainiako banketxeentzat, izan ere, litekeena da 44.000 milioi euroko fakturari aurre egin behar izatea. Espainiako erakundeek 15.500 milioi euroko zorroa zuten 2019aren amaieran HMEI erreferentzia duten hipoteketan.
Luxenburgon egoitza duen gorteak zehazten duenez, Espainiako epaileek egiaztatu behar dute Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea erabili zuten bankuek gardentasunez informatu ote zituzten beren bezeroak: bestela, baliogabetu egin behar dute gehiegizkoagatik, eta Euriborra bezalako indize mesedegarriago batekin ordezka dezakete, eta soberan kobratutako dirua itzultzera behartu.
Espainiako bankuak eta kontsumitzaileen eta kaltetuen elkarteak epai irmo horren zain zeuden. Elkarte horien arabera, Espainiako Estatuan milioi bat hipotekari aplikatu zaie indize hori, eta batez beste 25.000 euroko galera izan dute bezeroek. EAEn eta Nafarroan, 30.000 familiak dute beren hipoteka indize horren arabera.
Aurrekariak
Luxenburgoko auzitegia horrela mintzatu da Bankiarekin hipoteka-kontratu bat sinatu zuen herritar espainiar baten kasuari buruz, HMEIren arabera interes arruntak kalkulatzeari buruzko klausula batekin. Bezero horrek salaketa judiziala aurkeztu zuen, klausula gehiegizkoa zela iritzita.
2017aren amaieran, Espainiako Auzitegi Gorenak haren gardentasunaren aldeko epaia eman zuen, baina Bartzelonako 38. zenbakiko Lehen Auzialdiko Epaitegiak gai hori Europako Justiziara eramatea erabaki zuen, epaitu aurreko auzi bat planteatuz.
Maciej Szpunar Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak azpimarratu zuenez, indize ofiziala izanagatik, ez du zertan gardena izan behar, eta hori ebaztea auzitegiei dagokiela nabarmendu zuen. Banketxeek eurek emandako datuen arabera, indize horri lotutako 17.430 milioi euroko hipotekak dituzte.
Szpunarren esanetan, finantza erakundeek ez dute zertan hipoteka maileguak zehazteko dauden sei indizetako bat erabili behar. HMEIren ordez, Euriborra erabil zitekeen. Hortaz, indize jakin bat erabiltzeko agindurik ez dagoenez, horiek kontrola ditzakete epaileek. Espainiako justiziak askotan argudiatu du ezin zutela indizea abusuzkoa ote den zehaztu, Europako zuzentarau batek indize ofizialak salbuesten dituelako.
Bestalde, kontratuen gardentasunari buruz, Szpunarrek adierazi zuen indize "konplexu eta ilun samarra" dela kontsumitzaile arruntarentzat. Hori horrela, indizeak zituen ondorio ekonomikoak argi azaldu behar zirela azpimarratu zuen EBko abokatuak.
Auzia eraman zuen bulegoak epaia ospatu du: "Erabateko arrakasta da"
Maite Ortizek, Res abokatuen bulegoko kideak eta Jose Maria Erauskin bere lankideak, Auzitegi Gorenera eraman zuten gaia eta epaiak "epaile guztiei ate bikaina" irekitzen diela uste du, bankuko erreferentzia horren balizko "gehiegikeria" aztertzeko.
Ortizen esanetan, "erabateko arrakasta" izan da kontsumitzaileentzat EBJAren erabakia. "Epai hau aurrerapauso oso garrantzitsua da aspaldidanik borrokatzen ari garen zerbaitetan", azaldu du abokatuak astearte honetan Donostiako bere bulegoan eskaini duen prentsaurrekoan, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen hark ekarri zuen "ur hotzeko pitxerra" gogoratu aurretik.
Gainera, berretsi egin du inork ez ziola eskatu Europako auzitegiari IRPH indizea baliogabetzat jotzea eta mailegu guztietan indize ofizial gisa "desagertzea", baizik eta "indize hori hipoteka bati gehitzeko klausula, ofiziala izanda ere, gardentasun-kontrol baten pean jar daitekeen erabakitzea, hori baita orain baimentzen dena".
Ortizen arabera, Espainiako Estatuan milioi bat kaltetu egon litezke, horietatik 30.000 eta 40.000 artean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta abokatuak gogorarazi du abusuzkotzat jotako klausulak ez direla "iraungitzen", nahiz eta maileguak mugaeguneratuta edo ordainduta egon, eta horrek aukera emango duela erreklamazioak aurkezteko, "jendea oso informatuta dagoelako".
Hala ere, balizko eskariak aurkeztu aurretik, Ortizek kaltetuei euren bankuetara joateko deia egin die, "akordio batera iristeko", erakundeak erreklamazioa "aintzat hartzen ez badu" auzitara jo aurretik.
Maite Ortiz abokatua, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Bestalde, Kutxabankek ziurtatu du epaiak "berretsi" egiten duela bere jarduna "eskatzen den araudira egokitzen" delako, eta indartu egiten du "ebazpena, non Auzitegi Gorenak erakundearen klausulak" gardenak eta ez abusuzkoak "zirela adierazi zuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa