Ekonomia
Diputatuen Kongresua
Agentziak | Erredakzioa
EAJk babestu egin ditu egonkortasun helburu berriak, eta EH Bildu abstenitu egin da. ERC ere abstenitu da, eta hori ezinbestekoa zen bozketarako.
Pedro Sanchez eta Jose Luis Abalos, Kongresura sartu direnean. Argazkia: EFE.
Diputatuen Kongresuak Espainiako Gobernuak 2020-2023 eperako proposatutako egonkortasun helburu berriak onartu ditu ostegun honetan. Aurrekontua egin aurretik eman beharreko pausua da; orain, Senatuan tramitatu beharko dute Kongresuan onartutakoa. Defizit eta zor helburu berriek aldeko 168 boto izan dituzte, kontrako 150, eta 19 abstentzio; abstentzioen artean, ERCrena izan da, eta erabakigarria izan da.
Espainiako Gobernuak EAJren, Mas Paisen, Compromisen, Nueva Canariasen, Coalicion Canariaren, PRCren eta Teruel Existeren babesa bereganatu du. ERCz gain, EH Bildu eta BNG ere abstenitu dira. PPk, Voxek, Juntsek, Ciudadanosek, CUPek, UPNk eta Foro Asturiasek kontrako botoa eman dute.
Egonkortasun helburuen alde egin duenean, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak gogora ekarri du egungo helburuak 2017ko uztailean onartu zituztela, eta nazioarteko agintariek, Espainiako Bankuak eta AIReFek (alegia, Zerga Ardurako Aginte Independenteak) adierazi zutela helburu horiek "irrealak" zirela. Ordutik, gainera, "gizarte-errealitatean zenbait aldaketa izan dira", bai eta Gobernuaren lehentasunetan ere.
Halaber, helburuak berritzea "oinarrizkoa" dela esan du, "Aurrekontuekin lanean hasi ahal izateko". Egun indarrean daudenak 2018an onartu zituzten, eta, Monterok nabarmendu duenez, "Gobernu batek ez du lan egiterik ez badu errealitatearekin bat egiten duen Aurrekonturik".
Onuragarria, autonomia erkidegoetarako eta Udaletarako
Helburu berriak ahalmen handiagoa ematen dio Espainiako Gobernuari, baina Monterok aldeztu du autonomia erkidegoetarako eta Udaletarako ere onuragarria dela. Udalek, aurreratu du ministroak, erraztasun handiagoak izango dituzte finantza arlotik jasangarriak diren inbertsioetarako.
Gastu-araua berrikusteaz gain (autonomia erkidegoei eta Udalei ahalmen handiagoa emate aldera berrikusi da), tokiko inbertsioak zabalduko ditu, enplegua sustatzeko; adibidez, despopulatzearen aurkako proiektuak bultzatuko dituzte, bai eta ingurumenaren, hezkuntzaren eta gastu arrunten gaineko proiektuetarako.
Gobernuak otsailaren 11n onartu zituen helburu berriak. Horien bidez, defizit helburuak malgutzen dituzte, eta Kontu publikoen desfase marjina Barne Produktu Gordinaren % 1,8raino igo da 2018rako; % 1,5eraino, 2021ean; % 1,2raino, 2020an; eta % 0,9raino, 2023an.
Kongresuak berretsita, egonkortasun helburuak Senatuak onartu behako ditu orain. Sanchezen Gobernuak gehiengo soila behar du horretarako; inbestiduran babestu zuten oniritzia lortzekotan, hori izango luke.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa