Ekonomia
Osasuna auzia
Agentziak | Erredakzioa
Angel Vizcayri, Osasuna klubeko gerente ohiari, agintarien aurreko aitortza eta lankidetzaren aringarria ezarri dizkio fiskalak.
Angel Vizcay, Osasunako gerente ohia eta bere abokatua Justizia Auzitegirantz. EFE
Angel Vizcay klubeko gerente ohiaren kartzela zigorra 14 urte eta 4 hilabetetik 5 urte eta 11 hilabetera murriztu du Osasuna auziko fiskalak, agintarien aurrean egindako aitorpenak eta kolaborazioak aringarritzat jota.
Gainerako akusatuentzat, aldiz, zigorrak mantendu ditu Ministerio Fiskalaren ordezkariak. Hala ere, bidegabeko atzerapenen aringarria aplikatu beharko litzaiekeela uste du, "auzi hau lehenago epaitu ahal eta behar zelako".
Fiskalak behin betiko ondorioetan adierazi duenez, Vizcay "bere borondatez joan zen Ligara, eta klubaren bi denboraldietan (2012-2013 eta 2013-2014) kontutik egindako diru-erauzketak onartu zituen. Beste klubeko aurkariei diru-kopuru jakin batzuk ordaindu zizkiela aitortu zuen, kirol-emaitzak zehazteko eta beheko mailara jaisteko arrisku larrian zegoen klubaren iraupena bermatzeko".
Ministerio Fiskalaren ordezkariak honakoa adierazi zuen epaiketan: "Aitorpen horri esker, Ligak kereila kriminala jarri zien epaitegiei, eta Osasunak jarritako salaketari gehitu zitzaion". Azken ondorioetan, behin epaiketako lekukoen deklarazioak amaituta, honakoa gehitu zuen: "Akusatuak laguntza eman die agintariei epaiketa osoan zehar, izan ere, ikerketan aurrera egitea ahalbidetu duten datu zehatzak eman ditu eta gainerako akusatuak inputatzea baimendu duten delituak onartu ditu. Epaiketan, jarrera horri berari eutsi dio”.
Hain zuzen ere, fiskalak honako zigorra eskatzen du Angel Vizcayrentzat: 21 hilabeteko espetxe-zigorra bidegabeko jabetzeagatik, urtebeteko espetxe-zigorra kontabilitate-faltsutasunagatik eta merkataritza-dokumentuan egindako faltsutasunagatik, bost hilabeteko zigorra kirol-ustelkeriagatik, 21 hilabete bidegabeko jabetzeko beste delitu batengatik, eta urtebete dokumentu-faltsutasuneko delitu jarraitu batengatik.
Miguel Archanco presidente ohiari dagokionez, fiskalak 12 urte eta 5 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du: bidegabeko jabetzeagatik, 4 urte eta 3 hilabete; kontabilitate-faltsutasunagatik, 23 hilabete; kirol-ustelkeriako delituagatik, bi urte; eta bidegabeko jabetzeagatik, beste 4 urte eta 3 hilabete.
Juan Pascual eta Sancho Bandres zuzendari ohientzat, fiskalaren eskaera hauxe da: bakoitzarentzat lau urteko kartzela-zigorra bidegabeko jabetzeagatik; bi urte kirol-ustelkeriagatik; eta 4 urte bidegabeko jabetzeko beste delitu batengatik.
Jesus Peralta zuzendari ohiarentzat, hauxe eskatu dute: lau urte eta hiru hilabete bidegabeko jabetzeagatik; 23 hilabete kontabilitate-faltsutasunagatik; bi urte kirol-ustelkeriagatik; eta beste lau urte eta hiru hilabete bidegabeko jabetzeko beste delitu batengatik.
Osasuna Fundazioaren zuzendari ohi Diego Maquirrianentzat, 2 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak, kirol-ustelkeriagatik. Hori bera eskatu du Xavi Torres, Antonio Amaya eta Jordi Figueras Betiseko jokalari ohientzat.
Azkenean, Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezin-agenteentzat, Ministerio Publikoko ordezkariak 18 hilabeteko zigorra eskatu du, dokumentu-faltsutasunagatik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa